Haritz Larrañaga

Normaltasun itxura berreskuratu du Ipar Euskal Herriak

Gaur hasi da konfinamendutik ateratzeko bigarren fasea Estatu frantsesean. Ipar Euskal Herriko kaleek ohiko itxura irudikatu dute gaur goizean, nahiz eta oraindik osasun krisia indarrean dela erakusten duten zantzuak badiren. Bete behar dituzten neurriez harago, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko biztanleak ohiko bizia egiten hasi dira.

Baionako ostatuetan hainbat lagunek horrela ospatu zuten irekiera eguna. (Guillaume FAUVEAU)
Baionako ostatuetan hainbat lagunek horrela ospatu zuten irekiera eguna. (Guillaume FAUVEAU)

Auto pilaketak errepidean, ia hiru hilabetez etxetik lanean aritu diren langileak bulegoetara itzultzen, kafetegi atarietan bezeroak egunkaria irakurtzen, aparkalekuak beteta, banatzaileen ibilgailuak espaloietan atseden hartzen, ikasleak eskolara bidean, departamendu anitzetako matrikula duten ibilgailuak errepidean, hondartza, laku eta parkeak irekita, eta oso jende gutxi maskarekin, alegia, ohiko astearte goiz batean bezala.

Estatu frantsesean soilik hiru eremuk jarraitzen dute alerta laranja egoeran, Parisko inguruneak eta itsasoaz bestalde dauden Guyana frantsesa eta Mayotte kolonia frantsesak dira covid-19ak gehien zigortu dituen eremuak. Gainontzeko eskualde guztiak berdez marraztuak agertzen dira osasun krisiaren jarraipena egiten duen mapan, eta ondorioz, baita Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi ere.

Gaurtik aurrera tabernak, kafetegiak, hondartzak, lakuak, parkeak eta museoak irekiak izango dira. Horrez gain, langile asko bulegoetara itzultzen hasteko fasea ere ireki da, eta orain artean 100 kilometro baino gehiago egiteko ezarrita zegoen muga ere ezabatuko da. Euskal Herria bitan banatzen duen muga irekitzeko ordea, oraindik itxaron egin beharko da, gutxienez ekainaren 15a arte, egun horretan berrikusiko baitute Estatu desberdinetako ordezkariek mugak itxita noiz arte mantenduko dituzten.

Normaltasun irudia kalean

Ohiko astearte baten irudia erakusten zuten gaur goizean Ipar Euskal Herriko errepide eta kaleek. Oraindik covid-19aren zabalkundea ekiditeko zenbait neurri hartu behar dituzte herritarrek, baina neurriak salbuespenak direla dirudi, izan ere argazki orokorrak pandemia aitzineko egoeraren antza handiagoa du, duela aste gutxiko egoerarekin alderatuz gero.

Esate baterako, hondartzan, saltokietan eta jendea pilatzen den beste edozein gunetan maskara eramatea beharrezkoa da, baina oso maskara gutxi ikusten zen gaur goizean Donibane Lohizuneko karriketan. Postetxeko ilara luzean itxaroten zuten zenbait herritarrek eta erosketak egiten zituzten adineko pertsonak salbu, gainontzeko jende guztiak pandemia aitzin jarduten zuen modu berean jarraitzen du.

Hamar pertsona baino gehiago biltzeko agindua ere inor gutxik bete du. Kafetegi atarietan argazkia ohikoa zen eta mahaien artean distantzia ezarri dutenak ere oso gutxi izan dira. Azken asteetan janaria etxeetara banatzeko tabernen atarietan ezarri zituzten barrak bezeroei kalean zerbitzatzeko baliatu dituzte eta ilara egiteko lurrean marraztu zituzten distantziazko marrak ere higatzen hasiak dira.

Banatzaileek ere normaltasun irudia berreskuratzen lagundu dute. Taberna atarietan eta espaloian aparkatutako kamioietatik produktu desberdinak zituzten kaxak deskargatzen zituzten langileak presaka zebiltzan batera eta bestera, iritsi ezinean, ohiko moduan.

Haur eskola eta kolegioen ostean, lizeoak irekitzeko ordua ere iritsi da, baina unibertsitateko ateek iraila arte itxita jarraituko dute. Hala ere, kolegioetako eta lizeoetako ikasketen berrartzea gautzazeko zailtasun handiak izaten ari dira ikastetxeetan eta irekitze fasea iragarrita dagoen arren, praktikan asko dira oraindik ikasketak berrartu ezin izan dituzten ikasleak. Bestalde, euskara ikasten ari direnek ere ikasketei berrekingo diete. Hendaiako AEKak, esaterako, itxialdi garaian internet bidez irakasten aritu dira, baina gaurtik aurrera euskara ikasteko ikasgeletara itzuliko dira.

Hondartzetan, lakuetan eta parkeetan jendeak mugimenduan egon beharrik gabe, berriz ere atseden hartu ahal izango du gaurtik aurrera, betiere maskara jantzita, distantziak errespetatuta eta hamar pertsonako muga gainditu gabe. Hain zuzen ere, hondartza inguruak dira kolore desberdinetako uniformedun polizia eta militarrek gehien zaintzen dituzten eremuak. Motoan doazen poliziak nonahi ikus daitezke eta baita ibilgailu arruntak diruditen autoetan launaka doazen militar gazteak ere.