Naiz

‘Jakin’ aldizkariak covid-19aren inguruko ekimena prestatu du

Momentuz lau pentsalariren gogoetak eta iritziak bere webgunean bildu ditu ‘Erreminta kaxa’ izenarekin. Datozen asteetan beste egile batzuen bideo zein testuak argitaratzen joango da, orainaz hausnartzeko tresnak biltzeko asmoz.

Ekimen honetan sortzen diren materialak aurrerago antolatuko duten jardunaldi batean erabiliko dituzte. (NAIZ)
Ekimen honetan sortzen diren materialak aurrerago antolatuko duten jardunaldi batean erabiliko dituzte. (NAIZ)

‘Jakin’ aldizkariak ale tematikoak prestatu ohi ditu hilabetero. Oraingoan covid-19 gaixotasuna izan du mintzagai ekimen berezi batean, baina modu desberdinean sortuz. Alegia, digitalki hainbat pentsalariri testu nahiz bideoz euren gogoetak bidaltzeko eskatu die.

‘Jakin’-en helburua geroaz zein orainaz hausnartzeko tresnak izatea da, eta horregatik osatu dute euren ‘Erreminta kaxa’ propioa. Gogoetetako batzuk jada eskuragarri daude webgunean: Aitor Zuberogoitiaren ‘Trumoitik ekaitz perfektura?’, Jule Goikoetxearen ‘Erremintak’, Alba Garmendiaren ‘Ameslari sinesgogorren alde’, eta Harkaitz Zubiriren ‘Izurria nola geldiarazi’.

«Sintoma batzuk lotuta zeuden kontsumo eredu baten agortze sintomekin. Horren adirazle dira gure zabortegien itxura. Muturreko kontsumoan oinarritutako gizartearen erretratua da, berak sortutako zaborrekin zer egin ez dakien gizartearen erretratua», azaltzen du Zuberogoitiak bere bideoan birusak dakarren ondorioa kontsumismoarekin lotuz.

«Aditu batzuek diote eskaintza krisia egon daitekela, sektore batzuetan ekoizpen ahalmena jeitsiko delako eta honi batuko omen zaio gainera eskari krisia, alegia, kontsumoa apaldu egingo dela. Hori horrela izanik, guztia berriro aztertzeko aldarriak ari dira ugaritzen. Berpentsatu beharko genuke zer ekoiztuko dugun herrialde edo eskualde bakoitzean, eta saiatu beharko ginateke oreka zail bat bilatzen», gehitzen du.

Jule Goikoetxeak, berriz, gizarteak normaltzat hartzen dituen galerez eta krisitzat hartzen diren horiek alderatzen ditu, egunero bizi ditugun bestelako egoera latzei ikusgarritasuna emanez: «Distopiek orainaldia deskribatzen dute etorkizuna izango balitz bezala jasangaitza egiten zaigulako onartzea egunerokoa, biolentzia desberdinek eta zapalkuntza anitzek taxutzen dutela. Normaltasun demokratikoa da langileek, batez ere emakumeak, gorpuz arrazializatuak eta sexualizatuak modu egituratuan esplotatzea eta aldiz krisia deitzea irabaziak murrizteari».

Ideia horrekin jarraituz, bere bideoan honakoa ere aipatzen du: «Normaltasun demokratikoa esaten diogu baliabideak eta osasun arloa pribatizatzeari, emakumeak, migratzaileak eta iheslariak samaldaka erahiltzeari, lan istripuei, baina europarrak hiltzen hasten direnean –batez ere gizonak, zuriak eta klase ekonomiko jakin batekoak–, orduan apokalipsia dator. Eta azken hilabeteetan ikusi duguna hori izan da, eurozentrismo zuri tamalgarria».

Datozen asteetan beste autore batzuen lanak gehitzen joango dira, adibidez, Harkaitz Cano, Jokin Bergara, Edur Epelde, Ekai Txapartegi, Idurre Eskisabel edo Jone Goirizelaia.

Testu horiek ‘Birusak, distopiak eta mundu berriak’ ikastarorako baliagarriak izango zaizkie.