NAIZ

Iraganeko 12 kosta lerro definitu dituzte euskal kostaldeko itsas azpian EHUko ikertzaileek

Kuaternario garaiko itsas azpiko plataforma arrokatsuak aztertzen ari diren EHUko ikertzaileek hamabi kosta lerro definitu dituzte euskal kostaldeko itsas azpian.

Euskal kostaldeko geoparkean ere gainazal lauak eratzen dira.
Euskal kostaldeko geoparkean ere gainazal lauak eratzen dira.

Kuaternario garaiko itsas azpiko plataforma arrokatsuak ikertzen ari dira EHUko Mineralogia eta Petrologia sailean, iraganeko itsaspeko paisaia nola eratu zen aztertzeko. ‘Frontiers in Earth Science’ aldizkari zientifikoak jaso du ikerketa horren berri, unibertsitateak ohar batean adierazi duenez.

Azaldu duenez, Kuaternario garaian –duela 2,58 milioi urtetik hona– klima aldaketa handiak gertatu ziren eta gorabehera handiak eragin zituzten itsasoen mailan. Glaziazioetan itsasoak atzera egiten zuen, ura izotz masa handietan pilatuta gelditzen zelako, eta ondoren, izotza urtzean itsasoen mailak gora egiten zuen.

«Lan honetan garai hartan zehar eratutako itsas azpiko plataforma arrokatsuak aztertu ditugu: zabalgune horiek guztiak non dauden, zein morfologia duten... Morfologia horiek aztertuz, Kuaternarioan zehar itsaspeko paisaia hori nola eratu den aztertzea da asmoa, itsas mailen aldaketa eta lurrazalaren goratzearen ondorio dena nagusiki», azaldu du Peru Bilbao Lasa EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileak.

«Plataforma arrokatsuak olatuen eraginez sortzen diren gainazal lauak dira. Olatuek, lixa baten antzera, itsas hondoa higatzen dute eta hortaz astiro-astiro gainazal lauak eratzen dira, gaur egun, esaterako Euskal Kostaldeko Geoparkean ikus ditzakegunak bezalakoak. Gainazal horiek, itsaspean ere aurkitu daitezke», gaineratu du. 

Ikerketa egiteko teknologia aurreratua erabili dute eta batimetriaren laguntzaz itsas hondoaren hiru dimentsioko mapak sortu dituzte ezkutuan dagoen erliebe horren itxura azaleratzeko.

Bizkaiko Golkoan egindako ikerketetan zenbait ondorio garrantzitsu atera dituzte: aurrez definitu gabeko plataforma arrokatsu berriak zehaztu dituzte itsas azpian; modu irregular batean banatuak plataforma kontinentalean barna. Horietako sei hobeto definituta daudela ikusi dute. Gainera, ohartu dira horietako batzuk ziurrenik ez direla azken glaziaziotik gaurdaino sortutakoak, baizik eta antzinagokoak.

Nolanahi ere, «ez gara gai izan itsaspeko plataforma arrokatsu horien agerpena aldagai bakarrarekin lotzeko. Aitzitik, badirudi zenbait aldagairen arteko elkarrekintzaren menpe dagoela gainazal horien sorrera eta kontserbazio maila, hala nola olatuen klimatologiaren, litologiaren eta aldi berean jardungo lukeen ohantzearen norabidearen mende besteak beste», adierazi du Bilbaok.