NAIZ

Lirikaren erreferente nagusiak bilduko ditu ABAOk Bilbon

Obra berriak eta estreinaldiak batu ditu ABAOk 69. opera denboraldian. ‘L'Elisir d'Amore’ eta ‘Tosca’ gisako errepertorio lirikoko obra klasikoak eta Estatu espainolean aldi bakanetan oholtzaratu diren obrak dira urriaren 24an hasiko den denboraldiaren zutoinak.

Donizettiren ‘L'Elisir d'Amore’ izango da denboraldi berriko izarretako bat. (ABAO)
Donizettiren ‘L'Elisir d'Amore’ izango da denboraldi berriko izarretako bat. (ABAO)

Urriaren 24an irekiko du ABAOk Bilboko 69. opera denboraldia eta, edizio berrirako dakartzan proposamenen artean, obra berriak eta estreinaldiak bilduko dituela iragarri du Bilboko operaren lagunen elkarteak. «Proposamen trinko, hunkigarri, denetariko eta berritasunez betea aurkezten dugu», ziurtatu dute, eta programazio hori «beharrezkotzat jotzen diren segurtasun neurri guzti-guztiak aplikatuta» egingo dela berretsi, betiere, «kalitate artistikoari ezertxo ere kentzeke».

Denboraldi berriak errepertorio lirikoaren izenburu ezagunenetariko batzuk bilduko ditu, hala nola Donizettiren ‘L'Elisir d'Amore’ edota Pucciniren ‘Tosca’, eta Estatu espainolean «ia ezezagunak» diren obrak ere oholtzaratuko dituztela iragarri dute, ‘Alzira’ tartean, Tutto Verdi zikloa itxiko duen obra; Bilbon lehen aldiz ikusiko da ABAO, Peruko gran Teatro Nacional eta Opèra Royal Wallonie-Liègeren arteko koprodukzio hau. Nabarmentzekoa da iaz Latinoamerikako opera-ekoizpenik onenaren Ópera XXI 2019 saria jaso zuela. «Oso gutxitan» antzeztu diren lanak ere ikusi ahalko dira, Camile Saint-Saëns-en ‘Samson et Dalila’ esaterako, edota Rossiniren ‘Il turco in Italia’, «Bilboko publikoak oraindik gozatzeke duen harribitxia».

Programatu dituen ikuskizunen artean erabateko estreinaldi bat, Bilbo mailako bost estreinaldi, ABAOren bi koprodukzio eta Bilbao Operaren 67 urteko errepertorioan sartuko diren sei obra berri daudela ere iragarri dute. Guztira 43 funtzio izango dira, 26 ohiko denboraldiaren barrukoak eta Euskaldunan oholtzaratuko direnak, eta 17 haur eta gazteenei begira antolatuko direnak, Arriagan emango direnak, Abao Txiki denboraldiaren barruan. Orotara, 70.500 ikusle biltzea espero dute.

Beste hainbat datu ere nabarmendu dituzte ABAOtik. Esaterako, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra eta Bilboko Opera Korua zuzentzeko bost zuzendari entzutetsuren bisita jasoko dutela (Christophe Rousset, Daniel Oren, Renato Palumbo, Oliver Diaz eta Yves Abel) edota mundu osoko opera antzokietan arrakasta izan duten hamaika interpretek debutatuko dutela ABAOrekin (Ainhoa Arteta tolosarra, Teodor Ilincai, Paolo Bordogna, Sabina Puértolas, Anna Pirozzi, Ekaterina Semenchuck, Joel Prieto eta Elena Sancho Pereg).

Azkenik, Abao Txikiren barruan lau ekoizpen eskainiko dira, doako 400 jardueratik gora (solasaldi didaktikoak, tailerrak, mahai-inguruak…) eskainiko dituzte, 25-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazteam eta osasun arloarekin lotutako Opera eta + programak indartuko dituzte eta Beethoven Urtea ere ospatuko dute, estreinaldi baten bidez: ‘El viaje de Ludi’, ABAOren ekoizpen berria. «Urte berezi honetan musikagile alemaniarraren musika gazteengana hurbiltzeko pentsatua dago», zehaztu dute.