Bikote eta jaialdi mistoak, uda salbatzeko pilota enpresek mahai gainean duten aukera

Aspek eta Baikok hirietako torneoak jokatu nahi dituzte, Irunen uztailaren 1ean egindgo duten bezala, indarrak eta gastuak orekatzeko pilotariak nahastuz.

Jon Ormazabal|05/06/2020
Elgoibar
Artola-Zabaletak irabazi zuten iaz Elgoibarren bikote mistoekin jokatutako Elgoibarko torneoa (Jon URBE/FOKU)

Gainontzeko alor guztietan bezala, gauzak egunetik egunera, abiadura bizian ari dira mugitzen gizonezkoen esku pilota profesionalaren munduan ere eta, orain egun gutxi Baiko enpresatik uda galdutzat ematen bazuten ere, gauzak erabat aldatu dira ordu gutxitan. Hemen aurreratu genuen bezala, uztailaren 1a da, Irunen, enpresek itzulerara aukeratutako data eta Urantzun jokatuko den jaialdiak «normaltasun berriaren» pista handiak emango dizkigu. Jaialdia zuzenean emango duen ETB-k jakitera eman zuenez, bikote mistoak ariko dira egun horretan, hau da, Aspe eta Baikoko pilotariak nahastuta ariko dira eta NAIZek jakin ahal izan duenez, formula hori izan daiteke enpresek uda salbatzeko erabiliko dutena, hau da, jaialdiak eta pilotariak partekatzearena.


Bilera askoko egunak izaten ari dira azkenak bi enpresetako bulegoetan, ezin baita ahaztu bi plantilak aldi baterako erregulazio espedientean daudela, eta pilotariekin akordio batera heltzea beharrezkoa izango da berriz ere partidak itzuli daitezen. Baikoren kasuan, gainera, bederatzi pilotariri kontratua amaitzen zaie hurrengo egunetan eta horiek lotu beharra ere badute, nahiz eta egoeraren berezitasunak aire pixka bat ematen dien.



Udako feriak
Argi dago aurtengoa ez dela beste urteetakoa bezalako uda bat izango, esaterako pilotalekuen harmailaren erdia hutsik dela jokatu beharko dute pilotariek kasurik onenean, baina orain aste bete ezinezkoak ziruditen hiriburuetako jaietako udako torneoak jokatzea ere oso posible da. San Ferminak ofizialki bertan behera geratu ziren arren, enpresek badute oraindik Iruñean torneotxoren bat antolatzeko intentziorik. Are gehiago, Fernando Vidartek DVn emandako elkarrizketa batean jakitera eman zuenez, Nafarroa Arenan jokatzea ere buruan dute, pilotaleku honek hirukoiztu egiten baitu Labriten aforoa.


Ildo horretan, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako pilotalekuek ere harmaila oso handiak dituzte, beste urteetan udako torneotan nekez bete direnak eta, beste formato batekin bada ere, feria haundi hauek mantendu egingo dira aurten ere.


Hori bai, hasierako planteamentuetan urrun xamar ziren arren, Aspek eta Baikok nolabait ulertu dute aurrera egiteko elkarrekin joan beharko dutela eta, hasiera batean behintzat, enpresako jaialdirik apenas egongo da uda honetan, egoera berriak behartuko dituzten protokoloek –segurtasun distantziak bete araztea, desinfekzio lanak...– sortutako gastuak elkarren artean ordainduz. Pilotarien kasuan honek jokatu beharreko partidetan murrizketa handia ekarriko die.


Ikusleei eta guzti honetan pisu handia duen ETB-ri «produktu» erakaragarriago eta orekatu bat eskaintzeko asmotan,  aipatutako torneo hauetan bikote mistoak aurkeztearenak gero eta pisu handiagoa hartu du. Iaz Elgoibar eta Logroñon baino erabili ez zuten  formula hau hasieratik hartuko lukete aurten, bi enpresen arteko indar desorekak berdintze aldera.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.