NAIZ

Komertzio txikiaren aldeko ekimena egin du SOS Alde Zaharra Bilbok

Udalari komertzio txikientzako «dirulaguntza zuzenak» eskatu dizkiote eta «hauen alde benetan apostu egin dezala». Ehunka lagun bildu dira hala Bilboko Plaza Barrian, «auzoa zaindu, auzona bizi!» lako leloak astinduz.

SOS Alde Zaharra Bilbok ehunka lagun elkartu ditu Plaza Berrian komertzio txikien alde. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
SOS Alde Zaharra Bilbok ehunka lagun elkartu ditu Plaza Berrian komertzio txikien alde. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

SOS Alde Zaharra Bilbok deituta, ehunka lagun batu dira Plaza Barrian komertzio txikien alde, ostiral honetan.

«Azken aldian Bilboko Udalak ez digu jaramon handirik egiten, komertzio txikiari eta auzuneetako ostalaritza txikiari buruz ari garelarik batik bat», aipatu du Edurne Blazquez SOS Alde Zaharra Bilboko bozeramaileak.

«Joan den maiatzaren 28an ospatu zen osoko bilkuran Udalak ‘Aurrera’ plana atera zuen, esanez nahikoa zela koronabirusaren ondorio ekonomikoak samurtzeko. Baina komertzio txiki pilo bat itxi dira eta, egia esan, ez dugu neurri zuzenik ikusten komertzio txiki eta ostalaritza txiki honi laguntzeko», deitoratu du Blazquezek.

Hala, maskarak jantzita eta tokatzen den distantzia gordeta, protesta egin dute Bilboko Alde Zaharreko komertzio txikion alde. «Auzoa zaindu, auzona bizi!» lako leloak erabili dituzte, izan ere, berriz ere argi laga dute 2008ko krisia hasi zenez geroztik 170 negoziok ateak itxi dituztela eta 12 komertziok pertsiana behera jeitsi behar izan dutela azken aldian.

«Udalaren bitartez erosketa bonoak besterik ez ditu proposatzen, baina ez du zehazten zernolako kontsumoa bultzatu behar den bono horien bitartez, eta horrez gain terrazen legedia malgutu eta zenbait tasa jaistea proposatzen dute», azaldu du Blazquezek.

Gaur arratsaldean izan den ekintzarekin, kolektibo honen eskakizunen azalpena argitu dute, azkenik. «Komertzio txikien beharrizan larrienei jaramon egiteko eskatzen dugu hasteko eta bat, eta bestetik subentzio zuzenak eskaitzeko eskatzen dugu, osasun alarma dela-eta eragindako gastu horiei aurre egiteko. Baina beste ezer baino gehiago, denda eta komertzio txikien alde benetan apostu egin dezala eskatzen diogu Bilboko Udalari. Hauen garapen ekonomikoak mesede egiten dio gure auzoari, jasangarriago eta humanoago egiten baitu», azaldu du Edurne Blazquezek.