Oihane IRAZU

Ekonomia zirkularraren oinarria: «Gehiago lortu gutxiagorekin»

Euskal industriak inportatu egiten ditu lehengaien %77.  (Gorka RUBIO | FOKU)
Euskal industriak inportatu egiten ditu lehengaien %77. (Gorka RUBIO | FOKU)

Produkzioan baliabide gutxiago erabiltzea funtsezkoa da gure ingurumena babesteko. Hori da ekonomia zirkularraren oinarria. Aurtengo urtarrilean Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularrerako estrategia aurkeztu zuen.

Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategiak hiru helburu estrategiko ezartzen ditu. Lehen helburua materialen produktibitatea %30 handitzea da. Materialen produktibitateak ahalbidetzen du ekonomiak materialen ez hain menpeko ekoizpen eta kontsumo eredu bateranzko bidean zein bilakaera duen neurtzeko.

Produktibitate material altuak baliabideen erabilera eraginkorragoa dakar, produktuen balio erantsi handiagoa eta materialen inportazio eta erauzketarekiko mendekotasun txikiagoa. Egun, euskal industriak 21 milioi tona lehengai kontsumitzen ditu urtean, eta horietatik %77 inportatzen dira: batez ere, erregai fosilak, mineral metalikoak, biomasa eta metalezkoak ez diren mineralak. Materialen produktibitatea handituz, Ekonomia Zirkularreko Estrategiak hazkunde ekonomikoa materialen kontsumotik banandu nahi du.

Bigarren helburua material zirkularraren erabilera-tasa %30 handitzea da. Material zirkularraren erabilera-tasak aukera ematen du EAEn birziklatutako materialek materialen eskari osoari egiten dioten ekarpena neurtzeko, eta funtsezko elementua da ekonomiaren zirkulartasuna ebaluatzeko.

Tasa hori handitzeak inportazioen mendekotasuna eta lehengai erauzketa murriztea dakar, eta zabortegi batean amaituko luketen hondakinak gutxitzea. Azken helburua barne produktu gordinaren unitateko hondakinen sortze tasa %30 murriztea da.

Tasa horrek jarduera ekonomikoaren intentsitatea hondakinen sorreran adierazten du eta bere ekoefizientziaren neurria ematen du. Ekonomia zirkularraren eredu aldaketak hazkundea materialen kontsumotik bereizi nahi du. Eskuragarri dauden azken datuen arabera (2016), EAEn 67 kilo hondakin sortu ziren (hondakin mineral nagusiak kenduta) BPGaren 1.000 euroko. 2030erako helburua kopuru hori 47,6 kilora txikitzea da.