Ariane Kamio

Abileziarik gabe

Ariane Kamio
Ariane Kamio

Lerrook irakurtzen dituenak, sinadura hau ikusten duenak jakingo du ez naizela politikan aditua, are gutxiago hauteskunde aurre honetan analisi sakonak egiteko gaituena. Beraz, ez pentsa jarraian datorrena bihar egunkaria zabaltzeko moduko artikulua denik. Baina Iriondo, Sola, Zaldua edo Bizkarguenaga bat ez izateak ez du esan nahi haiek bezalatsu telebista ikusi, prentsa irakurri eta sareetan nabigazio librean –eta inozoan– ibiltzeko gai ez garenik gainontzeko «juntaletrasok».

Izan ere, norberaren gaitasunak berean gordetzen dira, edozein mailatan –mailak, izatez, bai baitaude– edozein eremu sozialetan, edozein etxetan, auzotan, kaletan. Baina, orain, haiek ezkutatzeko ordua ailegatu da. Beraz, zerbaitetan abilezia berezirik baduzue, isildu behingoz, benetako «juntaletren» ordua iritsi baita –eta ez naiz nire buruaz ari–.

Alderdien ordua da, edo alderdiek ordu hau darabilte haien burua zuritzeko. Zaldibar, korrupzioa, erraustegietako erreka bazterrak... Haien abileziak ere bazterrean uzteko ordua markatu dute –zeren batzuei ordua heltzen zaie eta beste batzuek, garaiak markatzen dituzte– eta ipuin bat kontatzekoa. Ziurtasunaren eta segurtasunaren garaia da, ahots kordak bibrazio sendoan jartzekoa, gorputz hizkuntza zaintzekoa... Lasai, dena ondo dago esatekoa. Esateko saiakerakoa. Hori baita, hain zuzen, momentuko diskurtso politikoaren helburu nagusia. Konbentzitzea, baina konbentzitzea sasi-segurtasunetik eta konbentzitzea zuok, guk, ez dauzkagun edo ezkutatu ditugun edo ezkuta arazi dizkiguten abilezia horiek falta zaizkigula kaskezurrean barruraino sartu ondoren.

Garapenaren ikur naizenaren izenean, Estatu federal baten baloreak defendatzen ditudanaren izenean, berdintasunaren zentzua defendatzen dudanaren izenean, Espainia gaizkileengandik askatzeko zilegitasunaren izenean... Eta GALen izenean, eta frankismoaren biktimen izenean, eta baita ETAko biktimen izenean, eta AHT egiteko eraitsi diren baserrietako bizilagunen izenean, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen izenean, koronabirusaren izenean, pentsioen izenean, emakume erasotuen izenean, etorkinen izenean, jipoien izenean, lotsaren izenean, lotsabakoen izenean ere... eta horrela, letrak eta letrak batuz, istorioa bilduz eta ipuina kontatuz. Baina abileziarik gabe. Esan, gero, kazetariok garela gezurretan ibiltzen garenak.