Dabid Lazkanoiturburu

Hong Kong estu lotuko duen «segurtasun nazionalaren» legea inposatu du Pekinek

Arrapadalan eta aho batez onartu du Txinako Parlamentuak Hong Kong-i begira segurtasun nazionalaren legea. Britainiarren menpeko kolonia Pekinek berreskuratu zuen 23. urteurrenean, bihar, sartuko da indarrean lurralde autonomoan tinko zirauen oposizioari mehatxu mezu ozena.

Hong Kongeko polizia merkataritza gune batean sartzen. (Anthony WALLACE-AFP)
Hong Kongeko polizia merkataritza gune batean sartzen. (Anthony WALLACE-AFP)

Herriko Asanblada Nazionalaren Batzorde Iraunkorra (Politburoa) osatzen duten 162 kideek aho batez onartu dute Hong Kong-en matxinadarekin amaitzea helburu duen segurtasun nazionalaren legea batzarra hasi eta 15 minutura.

Txinako Alderdi Komunistaren itzalpean dagoen Politburoa aurreko igandetik bilduta dago batzar berezian.

Onartu berri duen legea bihar bertan jarriko da indarrean, Hong Kong kolonia britainiarra Txinara itzuli zeneko 23. urteurrenean, 1997ko uztailaren 1ean.

Legeak iaz Hong Kongen eztanda egin zuen matxinadari erantzutzen dio. Kolonia ohiaren independentzia aldarrikatzen duen gazte mugimendua kalera atera zen hilabete luzez, aurten pandemia agertu den arte, estradizio legearen aurka.

Txinarentzat, eta Pekinen aldekoa den Hong Kongeko DAB alderdiarentzat, egonkortasuna bermatzea eta «bandalismoarekin» amaitzea ditu helburu legeak. Bertako ekonomian eragin zuzena izan du protesta uholdeak, eta horri koronabirusak eragin duen krisi ekonomikoa gehitu behar zaio.

Bide batez, independentziaren aldeko mugimendua ahultzeko balioko duela onartzen du Pekinek.

Oposizioarentzat, «Herrialde bat, bi Sistema» akordioak Hong Kongi onartzen dion autonomiaren eta askatasunen aurkako  erasoaldiaren aurrean gaude.

Ez da samurra arrazoia nork duen jakitea, Pekinek ez baititu oraingoz legearen nondik norakoak zehaztu. Hala ere, azken ordura arteko sekretismo horrek pistak ematen ditu.

Argi dago legeak Hong Kongeko Legebiltzarra nolabait alboratu egiten duela. Izan ere, Txinak segurtasun nazionala defendatzeko batzorde bat, «Organoa», eratuko du lurralde autonomoan, legeak debekatzen dituen ekimenen jazarpena egiteko.  

Txinako agentzia publikoak ekainean aurreratu zuenez, legeak «separatismoa», «terrorismoa», «subertsioa» eta «nazioarteko eta kanpoko indarrekin elkarlana» erreprimituko omen ditu.

RTHK Txinako kate publikoak ziurtatu duenez, gehienezko zigorra bizi arteko kartzela izango da, eta ez 10 urte, hasieran jakitera eman zen moduan. «Legea ez da izango hortzik gabeko tigrea», iragarri dute Pekingo iturriek. Legearen atzeraeragina ere aztertu du Politburoak.

Aperitibo gisa, eta azken 17 urteetan lehen aldiz, Hong Kongeko poliziak biharko aurrikusita zegoen urteurrenaren manifestazioa debekatu du eta 4.000 agente kalera aterako ditu. Pasa den ekainaren 4an ere debekatu egin zuen Tiannanmengo sarraskia gaitzesteko urtero hirian egiten den manifestazioa.

Atzo bertan, protesta isil batean parte hartzen ari ziren 53 manifestari atxilotu zituen.

Agur orain arteko Hong Kongi

«Munduak ezagutzen zuen Hong Kong iragana da. Polizia sekretuaren Estatu bilakatuko da hiria», iragarri du Joshua Wong-ek, oposizioaren agintarietako batek.

2016an beste gazte batzuekin batera sortu zuen Demosisto alderdia desegin egin da. Demosisto 2014ko «Aterkien Iraultzaren» ondorioz sortu zen eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du, legeak ziurrenik debekatuko duen aldarria.

Beste mugimendu independentistek, Hong Kongeko Fronte Nazionalak kasu, aurrerantzean erbestetik arituko direla iragarri dute.

Hong Kongek, Txinara itzuli zen arren, autonomia du eta adierazpen eta prentsa askatasuna bermatuta daude, Mendebaldeko demokrazien modeloari jarraituz. Justizia sistema ere berezkoa du, Pekinekiko menpekotasunik gabe.

Legea onartu ostean, Txinako Politburoa Hong Kongeko Oinarrizko Legearen Batzordearekin biltzekoa zen. Oinarrizko Legea Hong Kongeko Konstituzioa da eta Pekinek lege berria berehala Konstituzio horren III Erantsian ezarri nahi du.