«Baterako bi hautagiren arteko lehia ekiditeko» eskatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat militante abertzale ezagunek

Ipar Euskal Herriko agertoki politikoan esanguratsuak diren 24 ordezkari abertzaleek uztailaren 17an gauzatuko den Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriaren hautaketaren inguruko iritzi artikulu bat argitaratu dute. Biak ala biak Batera dinamikaren bultzatzaile izan ziren Alain Iriart eta Jean-Rene Etchegarayren arteko norgehiagoka ekiditearen alde agertu dira.

Haritz Larrañaga|02/07/2020
Iriart_et_etchegaray
Jean-Rene Etchegaray eta Alain Iriart dira Euskal Elkargoko lehendakari izateko hautagai nagusiak. (Bob EDME)

Ipar Euskal Herriko agertoki politikoan esanguratsuak diren 24 militante abertzalek uztailaren 17an gauzatuko den Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriaren hautaketaren inguruko iritzi artikulu bat argitaratu dute.

Bere hautagaitza aurkezteko «gogoeta aktiboan» dagoela aitortu zuen joan zen astean Hiriburuko auzapez den Alain Iriartek "Mediabask" hedabideari eskainitako elkarrizketaren bidez. Bestalde, gaur gaurkoz bere asmoen berri eman ez badu ere oso litekeena da Euskal Elkargoko jarduneko lehendakaria den Jean-Rene Etchegarayk ere bere burua aurkeztea karguan jarraitzeko.

Edonola ere, norgehiagoka horretan Batera dinamika bultzatzen duten bi hautagai izatea ekidin daitekeela uste dute agiriaren sinatzaileek.

Besteen artean, Mixel Berhokoirigoin bakegile, Jakes Abeberri abokatua, Xabi Larralde ezker abertzaleko ordezkaria, Beatrice Molle kazetaria edo Daniel Derguy preso ohia bezalako pertsona ezagunek sinatu dute Ipar Euskal Herriko hedabideetan argitaratu duten idatzia.

«Baterako bi hautagaien arteko lehia ekidin dezagun» goiburua duen iritzi artikuluan honela laburbiltzen dute lehendakari gaien arteko desberdintasuna: «Euskal Hirigune Elkargoaren Lehendakariaren hautatzeko bi buruzagiren arteko lehia batera buruz abiatzen ari gara.

Alain Iriart, auzapez abertzalea, zeinaren proiektua azkarturik atera baita herriko bozetatik eta bere kudeatzaile gaitasuna frogatu duena Hiriburuko Herriko Etxean, eta Jean-Rene Etchegaray, Iparraldeko hiri nagusia den Baionan berriz hautatua, eta Iparralde mailako lehen instituzioaren sortzeko lan erabakigarria egin duena».

Familia politiko oso desberdinetako bi hautagai izan arren, «azken urte hauetan Bateraren dinamikan azkarki parte hartu duten bi hautetsi» direla ohartarazten dute gutunaren sinatzaileek, eta ondorioz, norgehiagoka ekidin beharko litzatekeela iritzi diote, zeren «Jean Rene Etchegarayren eta Alain Iriarteren arteko gatazka bat ez litzateke on Euskal Herriarendako».

Erronkak eta hautagaitza

Agiria sinatzen duten 24 abertzaleek Euskal Elkargoak maila lokalean zein globalean dituen erronka nagusiak oroitarazten dituzte. Hala nola, sinatzaileen irudiz, 2017ko urtarrilean sortu zen Euskal Elkargoaren oinarriak sendotzea, Baterari lotutako gaietan aitzinatzea (batez ere euskarari dagokionean), eta «gatazka konpontzeko prozesuaren desblokeatzea» dira aurrera begirako erronka estrategiko nagusiak.

Maila zabalago batean, «krisi globalaren testuingurua» nabarmentzen dute eta eremu horretan datozen urteetan aurre egin beharko zaien erronken artean bi gai nagusi aurkezten dituzte, batetik aldaketa klimatikoa eta bestetik Covid-19ak eragindako krisi ekonomikoa.

Amaitzeko, Jean-Rene Etchegarayk egin duen ibilbideari esker lortu duen legitimotasuna zein Alain Iriartek irudikatzen duen esparru politikoa ordezkatuak izatearen garrantzia azaltzen dute agiriaren sinatzaileek: «Gure iduriko, ‘hiru urteko kargualdi erdi’ hori bururaino segitzeko legitimotasun osoa badu (Etchegarayk). Bestalde, ezkerreko ideia abertzale eta ekologistak Iparraldeko paisaia politikoaren errealitate garrantzitsu eta bazterrezin bilakatu dira. Ondorioz, zor zaien heinean ordezkatuak izan behar dira Euskal Elkargoaren instantzietan. Segur gara hori dela Historiaren zentzua eta jokabide arduratsuena, Euskal Herriak heldu diren urteetan agertuko diren alimaleko desafioei molde eraginkorrean buru egiteko ahala ukan dezan».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.