Zisjordaniako anexio planak adiskidetuko al ditu palestinarrak?

Etsai bilakatu diren anai palestinarrak, Fatah eta Hamas, bildu egin dira prentsaurrean elkarrekin agertuz, eta azken hamarkada luzeko liskarrak alde batera uztearen alde agertu dira. Netanyahu lehen ministroa, ordea, AEBetako arduradunekin biltzen ari da, bi aliatuen artean tirabiratxoak dauden susmoen artean.

Dabid Lazkanoiturburu|02/07/2020
Palestina
Fatah-ko agintari beteranoa den Jibril Rajoub, Ramallah-n, eta pantailan Hamaseko diputatuen buru den Saleh Arouri, Gazatik, prentsaurrean. (Abbas MOMANI-AFP)

Fatah Palestinaren askapenerako alderdi historikoa eta Anai Musulman palestinarrak (Hamas) elkarrekin prentsaurrean agertu dira bideokonferentzia bidez Zisjordaniako anexio planak salatzeko.

Barne liskarrak nagusi izan dira 2007an Hamasek hauteskundeak irabazi eta Fatah «Estatu» kolpe bat ematen saiatu zenetik. Islamistek Gazako Gobernua eskuratu zuten. Fatah Aginte Palestinarrarekin (NAP) geratu zen Ramallah-n, Zisjordanian.

Ordutik hona bi alderdiak adiskidetzeko saiakera guztiek porrot egin dute.

Ghassan Jatib aditu palestinarrarentzat, bai Fatah-k eta bai Hamasek «argi dute anexio proiektua oso garrantzitsua dela, bien arteko liskarrak alde batera uzteko adina garrantzitsua».

Mugimendu islamistak dei egin du egun hauetan Palestinako «klase politika biltzeko» Donald Trumpen AEBek Ekialde Hurbilerako duten planari nola edo hala aurre egin diezaioten.

«Krisi honek aukera bihurtu behar du gure herriak palestinarren proiektua berriro martxan jartzeko», azaldu zuen Hamaseko ordezkaria den Salah al-Bardawil-ek duela egun batzuk. «Lidergo palestinarraren barnean ez dago tokirik monopolioarentzat, bazterkeriarentzat edota bata bestearen gaineko agintearentzat», gaineratu zuen.

Washingtonekin tirabirak?

Bitartean, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak AEBetako arduradunarekin eta segurtasun arloan bere aholkulariekin biltzen jarraitu du.

Barack Obamaren agintaldian Israelen enbaxadorea zen Daniel Shapirok uste duenez, «palestinarrekiko keinuak daude eztabaidagai. Netanyahuren boto emaileek anexio handiagoa, inorekin koordinatu gabekoa eta palestinarreei trukean ezer eman gabe nahiago lukete. Nere ustez, hor dago gakoa», gaineratu du.

RELATED NEWS

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.