Teknikariok sindikatuak sektoreko langileen egoera hobetzeko neurriak eskatu ditu

1.200 euroko «soldata duina» bermatzeko neurriak hartzea, eta sektoreko langile guztiek eskubide berdinak izateko jarduna erregulatzea eskatu du ikuskizun eta ekitaldien teknikarien sindikatuak.

Naiz|02/07/2020
Teknikariok
Elkarretaratzea Lakuako gobernuaren ordezkaritzaren parean izan da. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ikuskizun eta ekitaldien teknikariek sortu berri duten Teknikariok plataformak elkarretaratzea egin du gaur goizean Bilbon Lakuako gobernuari hainbat eskakizun egiteko asmoz. «Langabezia-arrisku erreala bizi dugu, bizirautea ezinezkoa egiten zaigularik, besteak beste sektorearen zati txiki bati bakarrik mesede egiten dioten laguntza eskasen ondorioz, alarma egoera etengabean gaude. Teknikarientzako babesa eskatzen dugu ikuskizuna oinarri duen munduan lan egiten jarraitzeko gaitasuna mantendu dezaten eta dezagun», laburtu dute.

Euren sektoreko erregulazio faltak «ondorio larriak» eragiten dituela uste du plataformak, halanola, «ordutegi etengabeak, lan-segurtasun faltak eta langabezia laguntzak jasotzeko eskubide eza». Azken puntu hori lotzen da, batez ere, egiten dituzten aldarrikapenekin. Izan ere, lan bera egiten duten lan-figura desberdinak dituzte (soldatapeko langile finkoak, behin-behinekoak, obrakoak eta autonomoak).

Hala, helburu nagusia «hitzarmen kolektiboaren bitartez gai hauek erregulatzea» da, teknikarientzat babesa lortu ahal izateko eta lanean lasai jarraitu ahal izateko. Hori dela eta, ikuskizunetako eta ekitaldietako langileentzat 1.200 euroko laguntza osagarria eskatzen dute «lan eskasia egonda ere gutxieneko diru sarrera bermatua» izateko.

Autonomoen kasuan ere, kuoten ordainketak geldiaraztea eta jardunaren etena konpentsatzea eskatzen dute, 1.200 euroko soldata duinera iritsi arte.

Era berean, hainbat sektoretan enpleguaren jarraipena bermatzeko kapital ekarpen bat jaso duten bezala, beraiek ere ekintza plan bat eskatzen dute, lanbidea alde batera gelditu ez dadin.

ERTEan dauden soldatapeko langileen kasuan, normaltasunera itzuli arte laguntzak luzatzea eskatzen dute uste baitute orain arte onartu diren neurriak «nahikoak ez direla».

Obra eta zerbitzu motako kontratuak dituzten langileentzat, laguntzen luzapenean egin den bezala, behin-behinekotasuna aitortzea nahi dute, alarma egoera deklaratu zen egunean altan egon ez arren, ERTEan dauden langileen pareko eskubideak izan ditzaten.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.