Naiz

Abian da Donostiako Liburu Azoka 22 erakustokirekin

Saltzaile eta argitaletxeek pandemian bizi izan duten egoera larria gorabehera, ahalegin handia egin dute eta ohi bezala %10eko deskontua eskainiko diete Liburu Azokan erosten dituztenei. Gainera, bertan liburu aurkezpenak ere egingo dira uztailaren 12ra bitartean.

Donostiako Liburu Azoka EAE ospatzen lehena da. (Iñigo URIZ / FOKU)
Donostiako Liburu Azoka EAE ospatzen lehena da. (Iñigo URIZ / FOKU)

Donostiako Liburu Azokaren 45. edizioa hasi da ostiral honetan, 22 erakusleen laguntzarekin. Pandemia gorabehera, Donostiako azokaren edizio honek aurreko edizioko postu kopuru berari eustea lortu du, besteak beste, bertan izango dira Artea eta Kaxilda liburu-dendak, Pamiela, Erein, Txalaparta, Planeta, El Gallo de Oro eta Ediciones Irreverentes argitaletxeak.

Asier Muniategi EAEko liburu-azoken koordinatzaileak eta Jose Agustin Iturri Liburu Ganberako presidenteak prentsaurreko batean aurkeztu dute aurtengo edizioa, eta Gipuzkoa plazara «bidaiatzeko» deia egin diete herritarrei.

Sektoreak «apurka-apurka normaltasuna berreskuratu» nahi du eta, zentzu horretan, 2019ko azokaren antzeko bat antolatu ahal izan dutelako pozik agertu dira. Gainera, parte-hartzaileek egingo duten «ahalegina» azpimarratu dute, liburuak %10eko deskontuarekin eskaintzen baitituzte.

Azokaren apustu nagusia haur eta gazteentzako liburua da, eta horrekin lortu ohi ditu gremioak bere salmentarik onenak.

Haurrei zuzendutako sail berria

Liburu aurkezpenak dira uztailaren 12ra arte luzartuko den Liburu Azoka honetako jardueretako bat, eta lehenak jada ospatu dituzte goizean bertan. Izan ere, Ereinek ‘Xartur’ sail berriko lehen bi liburuen berri eman du: ‘Bi familia Xaturrentzat’ eta ‘Xatur eta tximeleta’, Beatriz Yuberok idatziak eta Amaia Arrietak ilustratuak.

Gipuzkoan hartu dituzten haurrei lagundu ahal izateko ideiatik sortu zen serie hau, bereziki larrialdiko familia harreragile batean dauden eta iraunkorra izateko bidea egin behar duten haurrei.

«Batzuetan ulertzeko zailak diren egoerak bizi dituzten haur horiekin aukera asko zabaltzen dira. Familiaren harrerak gauza askori buruz hitz egiteko aukera ematen du eta milaka istorio atera daitezke», esan du Yuberok.

Amaia Arrieta ama da, eta pozik onartu zuen proiektu horrekin bat egitea, bide batez semeari egoera hori bizitzen laguntzeko balio baitzion. «Satorrak eta antzeko animaliak marrazten hasi nintzen, aniztasun soziala islatzeko asmoz, gizartea orain ez baita guraso biologikoena bakarrik», adierazi du ilustratzaileak.