IDOIA ERASO

Guitaralde festibala ostiral honetan hasiko da Hendaian, programa murriztuarekin

Igandera bitarte gitarrari toki berezia ematen dion Guitaralde jaialdiaren 9. edizioa ospatuko da Hendaian. Osasun krisia dela eta hitzorduen gunea aldatu da, eta programazioaren parte bat bertan behera gelditu behar izan da, nazioarteko artistarik ez da izanen, eta taberna eta jatetxeetan egiten zen ‘Off’ atala ez da egingo.

Udari ongi etorria ematen dion jaialdia. (HENDAIAKO HERRIKO ETXEA)
Udari ongi etorria ematen dion jaialdia. (HENDAIAKO HERRIKO ETXEA)

Ekimen kultural gehienak ez ospatzea erabaki den momentu honetan, Hendaian Guitaralde jaialdia atxikitzea deliberatu dute, nahiz eta tokia, baldintzak eta programazioa aldatu behar izan diren. Atzerritik Lapurdira hurbildu ziren artisten presentziarik ez da izanen, Mike Sternen kontzertua, esaterako, heldu den urtera gibelatu da.

Osasun neurriak errespetatu ahal izateko aurten Bidasoako zabalgunean ospatuko da jaialdia, eta tokiak aitzinetik erreserbatu beharko dira. Hori dela eta jaialdiaren programazioa hiru gaualditara mugatuko da, eta bakoitzean 300 pertsonei egiten ahalko zaie harrera gehienez.

Gaur, ostirala, Jean-Marie Ecay Groupek joko du, Marie Carrié eta Yann Penichourekin batera gaualdia partekatuz. Bihar Eric Franceries eta Paloma Pradak & Sebastien Giniaux izanen dira eta igandean Norbert ‘Nono’ Krief & David, Rebecca M‘Bongou & Arnaud Estorrekin batera.

Jaialdiari hasiera emango dion Ecay da festaleko zuzendari artistikoa, eta hitzordua atxiki ahal izatearekin pozik agertu da, musikaria ere den heinean kulturgileen egoera zail honetan lagundu ahal izateagatik: «Artistei eszenatokira berriz igotzeko aukera eman ahal izatearekin arras kontent naiz. Gehiengoarentzat, lau hilabete eta gero lehen aldiz jo ahal izateko parada izanen da. Eternitate bat!». Zuzendari artistikoak gaineratu du: «Ikusleak eta gizartea ere izan ditu gogoan, beraientzat eta denentzat erritmoa pixkana pixkana berriz atzematea garrantzitsua da»

Ekintza kultural gehiengoa bertan behera gelditu den garai honetan, artistei sostengua erakusteko, eta musika zuzenean gozatzeko irrikitan dagoen gizarteari hitzordu bat ekaintzeko, ekainaren hastapenean hitzordua mantentzea deliberatu zuten Herriko Etxeak, elkarte antolatzaileak eta udal zerbitzuek.

Uda ospatzeko zirkoa eta piroteknia

«Hendaiak uda ospatzen du» karrika arteei tokia ematen dien hitzordua ere ospatuko da kostaldeko herrian, uztailaren 10, 11 eta 12an. Piroteknia eta zirkoaren inguruko obrak eskaintzen ditu, uda giroa gurekin dugula ospatzeko. Sarrerarik ordaindu behar ez bada ere aitzinetik erreserbatu beharko da.

Uztailaren 10ean, goizeko 11.30etan Palmondoaren biribilgunean oreka eta malabarismo ekintza batzuk izanen badira ere, hitzordu nagusia gauean izanen da Bidasoako zabalgunean. Dabitxi zirkoa La Maquina y yo izanan dira 20.30etan, eta 22.30etan Les Echalas konpainiaren eskutik ‘Roule Maboul’ su ikuskizun poetikoa eskainiz.

Biharamunean, biribilgunean Paprika Royal et Clap!! zirko konpainia izanen da, eta gauean Thelmo Paroleren ‘The show must go on!’ eta ondoren ‘A valone’ Compagnie Cercle du Feuren eskutik.

Igandean, Thelmo Parole izanen da berriz, baina ‘The Taste of Vaudeville’ ikuskizunarekin oraingoan, goizeko biribilguneko hitzorduan. Programazioari amaiera emateko Pyronixek ‘Elyseum’ eskainiko du.