Ane URKIRI

Alavesek gutxi arriskatu eta azken minutuan porrota jaso du Valladoliden (1-0)

Alavesek punturik ezin erdietsita jarraitzen du. Porrot mingarria jaso du Valladoliden, neurketaren azken hatsean Joaquinek egindako golaren erruz. Jaitsiera postuek sei puntura jarraitzen dute baina Garitanoren jarraipenarekin adi egon beharko da bosgarren neurketa jarraian galdu ostean. [Neurketaren xehetasunak]

Laguardiak baloia aldentzen du Miguel De la Fuente aurrelariaren presiopean. (LA OTRA FOTO)
Laguardiak baloia aldentzen du Miguel De la Fuente aurrelariaren presiopean. (LA OTRA FOTO)

Tentsio handiko neurketa jaso du Zorrilla futbol zelaiak eta azken unean, estrategia jokaldi batean, Joaquinek Valladoliden aldeko gola egin du, Garitanoren Alaves erreakziorik gabe utziz. Taktikak garrantzi handia hartu du larunbat honetako lehian eta aurrelariek apenas distiratu dute. Berdinketa nahikoa ez bazen ere, puntuarekin gozatzen ari zirela heldu da porrotaren gola.

Garitano eta berak gidatzen duen taldearentzat hil ala biziko norgehiagoka zen Valladolidekoa. Arerioa, soilik puntu bat gehiago izanagatik ere, sentsazio hobeagoekin zegoen. Berdinketen erregea da Pucelako taldea −gaurkoarekin 16 neurketa berdindu ditu, geldialdiaren ostean eskuratzen duen bosgarrena da− eta momentu askotan lasaiago aritu bada ere, kostatu zaio arriskua sortzea.

Ez da izan, inola ere, neurketa ikusgarria. Alcarazen jaurtiketa 55. minutuan Camarasak zelai erdian baloia galdu ostean eta Unalen burukada, zeina Jimenezek ondo desbideratu duen, izan dira aukerarik garbienak; biak ala biak bigarren zatian.

Sergi Guardiola edo Miguel De la Fuente gazteek apenas ukitu dute baloirik eta antzerako aritu dira Lucas Perez, Edgar edo Burke aurrelari babazorroak ere.

Gutxi, oso gutxi, arriskatu dute bi taldeek eta hori egiteko, entrenatzaileen aginduak esanguratsuak izan dira. Fejsak, esaterako, oso gutxitan begiratu du aurrera, ia pase guztiak atzera eman ditu, pase ziurrak izan dira, Laguardia edo Magallanentzat, ondoren hauek luze jokatzeko. Joselu gabe −txapelketan baloi luze gehien irabazten dituen jokalaria− asko zaildu zaio guztia Alavesi.

Lehen zatian guztira sei erdiraketa egin ditu Gasteizko taldeak eta horietariko bost estrategia jokaldietan izan dira −hiru falta eta bi korner−. Klubeko arduradun nagusi den Josean Kerejetaren hitzak adierazkorrak izan ziren eta jarrerak garrantzi handia duela argi geratu da.

Esanguratsua izan da zenbait minututan babazorroek baloiarekin zer egin ez zekitela agerian geratu dela. Perezek baloia galdu du area ertzean nori pasa ez zekienean eta jokaldi berean, Edgar, oinezean eta Adrian Marinen alboan, ez da irtenbiderik emateko prestu agertu.

Bizitasun gehiago Valladolidek

Aldaketekin animatu da neurketa, eta eskerrak. Enes Ünalen zelairatzeak freskotasuna eman dio Valladolideri eta Waldo eta Oscar Planorekin gehiago arriskatu du. Alavesek, aldiz, oso gutxi aldatu du bere jokoa nahiz eta Joselu eta Pons berdeguneratu dituen Garitanok. Hegaleko jokalariek garrantzi gehiago hartu dute baina hauen erdiraketek ez dute aurkitu errematatzailerik.

Enes Ünalek izandako aukeraren ostean −berriro Roberto Jimenez futbolari garrantzitsu bilakatu da− mamuaren zantzuak azaleratu dira kanpoko taldean. Valladolid konfiantza gehiagorekin aritu da eta ikusgarri bilakatu du Laguardia eta Ünalen arteko lehia.

Partidaren aurreko prentsa agerraldian, zein Granadaren aurka galdu ostean, Garitanok garbi adierazi zuen lehen gola sartzeak asko baldintza dezakeela neurketa eta nahigabe bada ere, honek gutxiago arriskatzera eraman du bere taldea. Puntuen beharrean zegoen Alaves, eta kontziente zen askotan hobe dela puntu bat batu, ezer batu baino, erasoan ezer gutxi egin duzun neurketa bat izaki.

Alavesek ez du jaurtiketarik bota hiru zutoinen artera eta estatistika hau azken neurketetan asko errepikatzen den kontua da. Hau nahikoa ez eta zortea kontra izan du, 87. minutuko estrategia jokaldian Joaquinek jabetzarik gabeko baloiarekin topo egin baitu eta, zenbait jokalariek Jimenezen ikusmena oztopatzen zutela ondo probestuz, 0-1ekoa egin du.

Mallorcak Atleticoren aurka galdu ostean, jaitsiera postuetatik sei puntura jarraitzen du Alavesek baina Garitanoren jarraipena zalantzan dago. Baliteke, hurrengo ostiraleko neurketa Javi Cabellok -egun bigarren entrenatzailea dena- gidatzea. Real Madrilen zelaia bisitatuko du datorren jardunaldian.

Valladolidek, aldiz, birtualki salbazioa lortu du. Granadak asteazkenean Alavesen kontura erdietsi zuen beste urte betez Lehen Mailan jarraitzea eta larunbat honetan Pucelako taldeak egin du.

«Gure esku dago»

Porrotaren osteko prentsaurrekoan, Asier Garitanok adierazi du taldean konfiantza osoa daukala. Ziurtatu du jokalarien aldetik jarrera ona egon dela zelaian, saiatu direla puntua lortzen baina azken jokaldi horretan huts egin dutela. Minduta agertu da Zorrillako prentsa aretoan baina salbazioa beraien esku dagoela errepikatu du behin eta berriz: «Gure esku dago».

Era berean, arerioei begiratu baino –Mallorca zazpi puntu batzeko gai den galderari erantzunez– beraien buruari begiratu behar diela argitu du, «talde bezala hobetu behar dugu».

Bere jarraipenari buruz egindako itaunari iskin egin dio.