Naiz

Kimuak programak 72 film laburren artean hautatuko ditu 23. katalogoa osatuko dutenak

Kimuak programaren 2020ko ediziora film laburrak aurkezteko epea asteartean amaitu zen eta 72 lanek eman dute izena. Epaimahai profesional batek horien artean hautatu eta programaren 23. katalogoa osatuko duen film laburren aukeraketa aurkeztuko du datozen egunetan.

Raul de la Fuenteren ‘El infierno’, Kimuaken 2019ko katalogoko filmetako bat izan zen. (NAIZ)
Raul de la Fuenteren ‘El infierno’, Kimuaken 2019ko katalogoko filmetako bat izan zen. (NAIZ)

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, aurkeztutako 72 lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesionalek eta adituk osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da.

Michèle Driguez Montpellierreko (Estatu frantsesa) CINEMED Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduradunak, Alfonso López Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kideak, Dora Martí Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezko sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduradunak, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Nekane E. Zubiaur Gorozika Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaileak osatuko dute epaimahaia.

Kimuak urtean zehar Euskal Herrian egindako film laburren aukeraketa bat da, eta Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak –Etxepare Euskal Institutuaren bitartez– eta Euskadiko Filmategia Fundazioak sustatzen dute.

Urtero katalogo bat osatzen dute, gerora mundu osoan zehar mugitzen dutela bertan egindako filmak balioan jartzeko asmoz.