NAIZ

Iriarte: «Mendia-Urkullu koalizioaren aldekoa erabakitzeko eskubidearen aurkako botoa da»

Erabakitzeko eskubidearen aldeko boza eskatu du gaur, astelehenean,  Errenterian Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak. EAJ eta PSE eskutik helduta agertzen direla gogora ekarrita, beraiei boza ematea eskubide horren aurka egitea dela nabarmendu du.

Iriarte eta Rodriguez, gaur Errenterian. (EH Bildu)
Iriarte eta Rodriguez, gaur Errenterian. (EH Bildu)

«Mendia-Urkullu koalizioaren aldeko botoa erabakitzeko eskubidearen aurkako botoa da», ohartarazi du gaur Errenterian Maddalen Iriartek. «Boto subiranista bakarra EH Bilduren aldekoa da», erantsi du Arkaitz Rodriguezekin batera eginiko ekitaldian.

Hauxe izan da EH Bilduren lehendakarigaiaren azalpena: «Inork ez dezala bere burua engainatu. Urkullluri botoa ematea PSOEri botoa ematea da, eta Mendiari botoa ematea EAJri botoa ematea da. EH Bilduren aldeko botoak bakarrik ordezkatzen du herri honen erabakitzeko eskubidea».

Hortaz, igandean bi aukera baino ez direla ziurtatu du Maddalen Iriartek: «Mendia-Urkullu koalizioa edo EH Bildu, ukoekin jarraitzea edo zutik jartzea, justizia sozialean oinarritutako herri txukun bat eraikitzeko».

EAJ zein PSEko hautagaiak «hauteskunde marka bera ordezkatzen dute», adierazi du EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak, eta Idoia Mendiak PSErekin ez dela erabakitzeko eskubiderik izango behin eta berriz aipatu duela ekarri du gogora.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Gipuzkoako zerrendakideak, bere aldetik, «Maddalen Iriarte Okiñena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen emakume lehendakari bihurtzeko unea dela» ziurtatu du ekitaldi berean. Baina horretarako «boto subiranista eta ezkerreko bat bera ere etxean ez gelditzea» ezinbestekoa dela erantsi du.

Inkestek kontrako norabidea markatu nahi duten arren, Rodriguezen hitzetan «partida badago eta igandean EH Bilduk ezustekoa emango du». Izan ere, «Mendia-Urkullu tandemak proiektatu nahi duenearen kontra, aldaketa posible da herri honetan; are gehiago, eskura dago. Gehiengoa gara krisi honetan kostuak berriro betikoen bizkar jartzea ez dela onargarria diogunak; enplegu publiko bat lortzeko alderdi politiko jakin baten karneta edukitzeak ez liokeela inori abantailarik eman beharko diogunak; gure adinekoen zaintzarekin negozioa egitea ez dela morala diogunak...», esan du.