Ane URKIRI
Mutriku

DJ Rikki musika jartzaile mutrikuarra hurrengo urteko Tomorrowland jaialdian izango da

DJ Rikki musika jartzaile mutrikuarrak "The Sounds of Tomorrow 2020" txapelketa irabazi berri du astearte honetan egin den final handian eta beraz, hurrengo urteko Tomorrowland jaialdian kontzertu bat emateko txartela lortu du. Tomorrowland musika elektronikoaren munduko jaialdi ospetsuenetarikoa da.

DJ Rikkiren emanaldia, "The Sounds of Tomorrow" lehiaketan.
DJ Rikkiren emanaldia, "The Sounds of Tomorrow" lehiaketan.

Duela hilabete pasatxo aurkeztu zuen Ricardo Rodriguezek 20 minutuko musika sesio bat "The Sounds of Tomorrow 2020" lehiaketara. Ekainaren 10ean hasi zen lehiaketa eta DJ Rikki izenez bezala ezagunagoa den musika jartzaile mutrikuarrak Tomorrowland-en kontzertu bat emateko ametsa zuen buruartean.

Astearte honetan, uztailaren 7an, final handia ospatu da Tomorrowland jaialdiko Youtube kanalean. Gipuzkoako kostaldea atzean zuela zuzenean egin ditu musika elektronikoaren bi sesio. Epaile eta ikusentzuleen botoak hartu dira kontuan eta finalerdietan Herbehereetako Angie Mill musika jartzailea garaitu du. Finalean DJ Matti norvegiarrari irabazita, 2021eko Tomorrowland jaialdian kontzertua eskainiko du.

Honekin batera, Fedde Le Grand musika jartzaile ospetsuaren estudioan remix bat grabatzeko aukera izango du.

Zenbait fase gainditu behar izan ditu astearte honetan finalera sailkatzeko. Lehendabizi, entzuleen botoei esker sailkatu zen 20 onenen artean. Ondoren, adituek aukeratu zituzten finalean lehiatuko ziren lau musika-jartzaile onenak.

Mutrikuarrarekin batera, arestian aipatu Norvegia, Alemania eta Herbehereetako musika-jartzaile bana iritsi dira finalera. Austria, Belgika, Danimarka, Finlandia, Irlandako Errepublika, Portugal, Suedia, Suitza, Erresuma Batua eta espainiar eta frantziar estatuetako musika-jartzaileak aurkeztu dira txapelketara.

Tomorrowland Belgikako Boom herrian antolatzen den musika elektronikoaren jaialdia da. ID&T, Entertainment and Media Enterprisek antolatuta lehenengo aldiz 2005ko abuztuaren 14an egin zen.