NAIZ

Ernai eta Aitzinak independentzia aldarrikatuko dute Larhunen frantziar Errepublikaren egunean

Uztailaren 14an Estatu frantsesean ospatzen den «frantziar Errepublikaren jaiegun inposatua» salatzearekin batera, independentzia aldarrikatuko dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek. Urruña eta Beratik abiatuko diren bi zutabe Larhun mendiaren tontorrean batuko dira ekitaldi bat egiteko. «Euskal Gazteriari herri bat garela erakusteko deia» egin diote.

Ernai eta Aitzinak 2015ean antolatu zuten mendi martxa Lekunberritik pasatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ernai eta Aitzinak 2015ean antolatu zuten mendi martxa Lekunberritik pasatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Euskal gazteriari «Euskal Herriaren eraikuntzan mugarria jarri eta Larhun mendira igotzeko deia» luzatzen diote Ernai eta Atzinak. Prentsa ohar baten bidez adierazi dutenez, «independentzia ezinbestekoa zaigu, Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria, Bokaletik Tuterara eta Eskiulatik Trebiñura».

Osasun krisiagatik Euskal Herria bitan banatzen duen muga Hendaiatik Otsagabiara itxi zutela oroitarazten dute gazte antolakundeek. «Oraingoan baina, muga hari muzin eginez, Bera eta Olhetatik abiatuz Larhun gailurrera» igoko direla nabarmendu dute.

Goizeko hamarretan ezarri dute hitzordua, Olhetako Tarbenia ostatu aitzinean eta Berako Alzate plazan. Parte-hartzaileei janaria eramateko gonbita ere luzatu diete, eta «gazteok independentziaranzko bidean berresten garela gogora ekartzeko» tontorrean egingo duten ekitaldi xume baten ostean, guztiek elkarrekin bazkalduko dutela iragarri dute.

Mendi martxarekin, «martxan den gazteria» irudikatuko dute gazte antolakundeek. «Bi bide egingo ditugu, bide berean eta norantza berean independentziarantz goaz; eta batera ekingo diogu», dio Ernai Eta Aitzinak kaleratu duten agiriak.

Osasun krisiaren erdian

Covid-19aren ondorioz ezarri diren itxialdietan zein itxialdien ostean, «askatasun indibidual eta sozialen gibelaldi larria nabaritu» dela salatu dute medi martxaren antolatzaileek, eta ondorioz, «leihoetako txaloaldiak karriketako mobilizazio bilakatzeko tenorea iritsi» dela iritzi diote.

Krisi ekonimikoa ere hizpide dute gazte antolakudneek prentsa oharrean. «Heldu den krisia ez dugu gazte prekariook ordainduko» ohartarazi dute gazteek, eta «krisi hau CAC 40ak eta IBEX 35ak ordaindu dezala» aldarrikatu dute.