Japoniako hego-mendebaldean eurite hilgarriak izan dira

Erreskate taldeak erlojuaren aurka ari dira uholdeek eta ondorengo lur-jausiek harrapatuta daukaten jendea aurkitzeko Kyushu irlan, Japoniako hego-mendebaldean. Euriteek jada 50 hildako utzi dituzte eta dozena bat pertsona desagertuta daude. Gutxienez ostegunera arte ez da atertzerik espero.

NAIZ|07/07/2020
Japon
Kaleak urez gainezka. (STR-AFP)

Gutxienez 50 persona hil dira azkenengo orduetan Kyushu irlan, Japoniako uhartediko hego-mendebaldean euriteen eta uholdeen eraginez.

Adituen ustez, ostegunera ate euri jasa handiak espero dira oraindik. Japoniako Meteorologia agentziak alerta larriena ezarri du uholdeak Kyushu irlan hegoaldetik iparraldera hedatzen ari direlako.

Aurreko larunbatean hasi ziren euriteek eragin duten hildako kopurua handiagoa izango dela beldur dira erreskate taldeak.

Kumamotoko prefektura da oraingoz kaltetuena, gutxienez 49 hildakorekin. Beste lau pertsona hilda daudela uste dute eta beste 11 desagertuta.

Hildakoen artean 14 erresidentzia batean bizi ziren adinekoak dira eta ezin izan dute bizirik atera egoitzaren solairua ur azpian geratu denean. Eta eskerrak besteak goiko solairuetara eramateko denbora izan dutela...

Ibaiertzeek gainezka egin dute, eta errepideek lakuak dirudite. Erreskate taldeak kanoatan eta helikopteroan ari dira etxeetara iristen.

78 urte dituen Nobuko Murakami andrea harrituta dago. «Duela 50 urte bizi naiz hemen eta ez dut sekula halakorik ikusi», dio, urek suntsitu duten bere etxea zenari begira dagoen bitartean.

Kentaro Oishik rafting txangoak antolatzen ditu Hitoyoshin ur beroaren iturrietatik ezaguna den herrian. Erreskate lanetan laguntzeko eskatu diote. «Ez nuen inoiz pentsatuko herriko kaleetan nabigatuko nuenik».

Koronabirusari beldurra

Ebakuazio lanak zailagoak dira koronabirusarekiko beldurra dela eta. Distantzia mantentzeko beharrak gutxitu egin du jendea babesteko guneen edukiera.

Hala ere, 1.3 milioi pertsona dira euren etxeetatik alde egiteko agindua jaso dutenak.

Yatsushiro herrian gimnasio bat babesleku bihurtu dute eta familiak bananduta mantentzeko kartoizko kaxak erabiltzen ari dira. Hori dela eta, hiritar batzuek nahiago dute kotxe barruan lo egin, kutsatuko diren beldur.

Japoniak nahiko ondo kudeatu du orain arte pandemia, 1.000 hildako baino gutxiagorekin eta 20.000 kasu inguru atzeman ondoren.

Tokio da pandemiaren epizentro lokala baina eragin handia du Kyushu irlan, turismoak sekulako jipoia pairatu duelako. Beraz, momenturik txarrenean heldu da ezbehar hau.

Euri sasoian bete-betean dago garai honetan herrialdea. Aldaketa klimatikoak badu, hala ere, eragina, atmosfera bero batean euriteen arriskua handitu egiten delako.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.