Amaia Ereñaga

Aitziber Garmendiaren txanogorritxu covid-19aren atzaparretan erori da

Iaz, Victoria Eugeniako areto txikia lepo bete zuen. Asteazken honetan eta asteburu osoan zehar, Aitziber Garmendia aktoreak Donostiako antzoki handia bere egingo du ‘Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)’ lanarekin. Maitasun kontuei buruzko bakarrizketa honetan, covid-19ko garaietan bizi izandakoa ezin falta.

Aitziber Garmendiaren bakarrizketa, gaurtik aurrera Donostian. (NAIZ)
Aitziber Garmendiaren bakarrizketa, gaurtik aurrera Donostian. (NAIZ)

Gaur egungo euskal antzerkigintzan eta ikus-entzunezkoen alorrean aktore eta egile komiko baten izena aipatu beharko bagenu, seguruenik gehienok Aitziber Garmendiaren izena emango genuke. Emakume hau proiektuz beteta dago, nekaezina dirudi, hain da azkarra, dibertigarria, zorrotza eta sormen handikoa.

Hiru urteren buruan, ETB-1eko ‘Gure kasa’ saioari agur eman berriki –hainbat pertsonaia handi sortu ditu bertan, esaterako Virginia Santos, La Jaio, Gorane...–, irailean ‘Barre librea’rekin itzuliko da. Bakarrizketa formatuko saio honek emaitza ezin onak lortu ditu bere lehen denboraldian; kuotaren %8 eta 13.000 ikusle.

Orain, eta Bilboko Arriagan ekainaren bukaeran aurkeztu ostean, iaz estreinatutako ‘Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)’ bakarrizketarekin itzuliko da gaurtik Donostiara. Guztira, bost emanaldi eskainiko dira, guztiak 20.00etan hasiko dira (sarrerak 20, 15 eta 10 eurotan). Antzokiak, pandemiak behartutako neurriengatik, %50eko aforoa izango du, 480 bat ikusle emanaldi batean.

Eta pandemiak, nola ez, lan honetan isla izango du, gizakion arteko erlazioak, maitasun kontuak edo dena delakoak fase eta egitura desberdinak jasan izan dituztelako konfinamenduaren garaian. Aitziber Garmendiak horrela definitu izan du bere Twitter kontuan lan hau: «Komedia eta patetismoa».

Ikuskizun hau harremanen munduaren azterketa sakon baten ondorio dela dio, saioa-belarrondokoa metodo ezagunean oinarritutako azterketa. Maitasun kontuen patetismoa barrearen bidez gainditzeko eskuliburu peto-petoa omen delako. Sexu guztientzako moduko ikuskizuna da... «Izan ere, maitasunean denok gara patetikoak... Eta hartaz gozatzeko modu bakarra honako maxima hau da: ‘Azkena barre egiten duenak... alfer-alferrik galdu du denbora’».