NAIZ
TOLOSA

‘Fadoak entzuten zituen gizona’, Xake konpainia antzezlan berria prestatzen ari da

Tolosako Topic Zentroan egin du Xake antzerki konpainiak sorkuntza-egonaldia eta bertan abiatu du proiektu berria. Prozesuak hiru fase ditu eta, lehenengoa amaituta, Miarritzen daude orain. ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ irailaren 18an estreinatuko da, Leidor antzokian.

Antzerki lana sorkuntza-egonaldi batean onduko da, irailean estrenatu aurretik. (TOPIC)
Antzerki lana sorkuntza-egonaldi batean onduko da, irailean estrenatu aurretik. (TOPIC)

Xake antzerki-konpainiak amaiera eman dio Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroan abiatu duen sorkuntza-egoitzaren lehen faseari. Hala, konfinamenduaren ondoren aipatu egoitzan egiten den mota horretako lehen egonaldi artistikoa da.

Konpainia ‘Fadoak entzuten zuen gizona’ lana prestatzen ari da, eta uda osoa prestaketa lanetan arituko dira datorren irailaren 18an estreinatu ahal izateko Tolosako Leidor antzokian.

Agertokian Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreak izango dira eta zuzendaritza lanetan ari da Getari Etxegarai, zuzendariordetzan Xabier Ormazabal duelarik. Antzezlanaren egilea Txarli Andrade da.

Egoitzak hiru fase izanen ditu. Lehena, Topic-en egin dena, testuaren zirriborro txiki bat egitea zuen helburu, eszenografia iristen denean eszenak zehatzago zuzentzen hasteko. Aldi berean, Eider Ibarrondo eta Isabel Acosta, eszenografiaren diseinatzaileak, bigarren egoitzan eszenografiarekin entseatzeko prestatzen ari dira.

Uztailaren 14ra arte Miarritzen ibiliko da lan taldea, eta Théâtre des Chimères konpainiaren espazioan arituko dira lanean. Azkenik, irailaren 1ean hirugarren sorkuntza-egoitzari helduko diote, berriz ere Tolosako Topic-en. Bertan, argiztapen eta soinu teknikariak sartuko dira, eta antzezlanaren altxaera egingo dute, hau da, antzezlana bizirik egoteko behar den guztia prestatuko dute obra aurreikusten den datan estreinatu ahal izateko.