NAIZ

Europako EHL Cup txapelketa berrian eman du izena Super Amara Bera Berak

Ohorezko Maila Ligako txapeldun gisa, talde donostiarrak 2020-21 denboraldiko EHL (European Handball League) txapelketan izena emateko urratsak osatu ditu EHF Cupen ordez prestatu den lehiaketan. Europako Federazioak txapelketen berritzeari ekingo dio denboraldi honetan.

Bera Berako jokalari bat EHF Kopako bigarren kanporaketa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Bera Berako jokalari bat EHF Kopako bigarren kanporaketa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Covid-19 pandemiak eskubaloi txapelketa geldiarazi zuen Espainiar estatuan. Super Amara Bera Bera lider zegoen momentu horretan eta txapeldun bezala amaitu du beraz. Gauzak hala, EHL (European Handball League) txapelketan  izena emateko urratsak eman ditu eta gainontzeko taldeek zerrenda definitiboa eta lehiaketa taula hilaren 21ean ezagutuko dituzte. Hilaren 28an aurreneko kanporaketaren zozketa burutuko dute Vienan.

Txapelketa hau EHF Cupen ordez prestatu den lehiaketa da. Aldaketa hauek medio, donostiarrek ezin izan dute Txapeldunen Ligan izena eman, sailkatze faseak ezabatu dituelako EHFk. Ondorioz, 15.000 euro berme gisa ordainduta, emakumeen kluben artean bigarren lehiaketa nagusian parte hartuko du Bera Berak. Guerreras Iberdrola Ligako talde bakarra izan daiteke, izan ere, EHLn lekurik zuen Elche taldeak EHF Cupean izena eman duelako, orain arte, Challenge Cup zena.

European Handball League

Txapelketa berriak ez du Txapeldunen Ligarekin loturarik izango. Aurreneko edizioetan multzoen fasean laugarren gelditzen zen taldeak EHF Cupeko multzoen fasera egiten zuen salto, baina Federazioak itxi du bide hori, lehiaketa guztiz independienteak ezarriz.

Hala ere, oso maila altuko txapelketa izango da, rankinean gorenean diren Ligek –Hungariak eta Errusiak- hiru talde bana izango dituzte eta gutxienez bina Errumaniak, Danimarkak, Estatu frantsesak eta Alemaniak –bigarren taldea sartu dute Txapeldunen Ligan -. Era berean, besteak beste, Norvegiak hiru leku izango lituzke eta Suediak, bi.

Txapelketa honetan donostiarrekin bat egingo dutenenen artean Hungariako Nerea Pena nafarraren Siofok eta Elke Karstenen DVSC Schaeffler taldeak izango dira, eta beti aurkari gogorrak diren errusiarrak eta errumaniarrak: Lada, Astrahanochka eta Zvenigorod eta Baia Mare eta Buzau.

Estatu frantsesetik Fleury eta Nantes egongo direlakoan eta Europa iparraldetik ageri dira Viborg historikoa eta Copenhagen daniarra, Alemaniako TuS Metzingen, HSG Blomberg-Lippe (Cardosoren talde ohia) eta agian, Thuringer. Era berean, txapelketako taulan izan daitezke Norvegiako Storhamar, Byåsen eta Tertnes eta Suediatik –Txapeldunen ligatik at- H 65 Hoor eta Skuru.

Liga gorenaz gain, beste talde indartsu izango dira EHLn, Poloniako Lublin, Turkiako Kastamonu eta Yenimahalle eta Txekiako Banik Most, besteak beste.

Ondorioz, txapelketa gogorra espero du Bera Berak. Donostiarrek multzoen fasera sailkatzea helburutzat jo duten arren, hiru kanporaketa gainditu beharko ditu: irailean, urrian eta azaroan, joan-etorrian sistema ospatuko direnak. 2021ko urtarrilean hasiko litzateke ligaxka, antolaketa aldetik exijentzia berriak izango dituena eta kirol arloan, aurreneko aldiz, final four formatoan bukatuko da lehiaketa.