NAIZ

Ertzaintzak aterkia jarri dio Voxi Gasteizen ere; bi atxilotu gehiago kanpaina bukaeran

Liskarretan ibili dira Vox alderdiko kideak eta gazte antifaxistak Gasteizen, hauteskunde kanpainaren bukaeran. Eta Ertzaintzak azken hauen aurka oldartzeari ekin dio berriz ere; oraingo honetan bi atxiloketa egin ditu, ostegunean, Barakaldon, bost izan ziren.

Ertzaintza, antifaxisten aurrean ostegunean Barakaldon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Ertzaintza, antifaxisten aurrean ostegunean Barakaldon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Kanpaina abiatu aurretik jada Bilbon edo Donostian ekitaldiak egin zituen Vox-ek. Gero Sestaon, Loiolan, Irunen, Barakaldon, Oñatin... eta azkenik ostiral honetan Gasteizen. Irudi berdinak utzi dituzte alderdi ultraeskuindarraren «performance» guztiek, beti motz-motzak, partehartze oso eskasarekin eta probokazioz beteta: dozenaka antifaxista aurre-aurrean, Ertzaintzaren kargak eta atxiloketak.

Ostiral honetan bi izan dira. Gasteizko Ama Zuria plazan ekitaldia burutu du Voxek, Santiago Abascal idazkari nagusia buru. Gazte ugari bertaratu da, protesta egitera, eta ikamika sortu da antifaxisten eta Vox-eko kideen artean. Orduan Ertzaintzak gazteen aurka egin du, horietariko bi atxiloturik eraman eta beste zenbait identifikatuz, polizikideei irain egitea egotzita.

Aurreko egunean Barakaldon bost izan ziren atxilotuak, oldartze gogorragoen ostean, baina jada aske gelditu dira.

Ekitaldian, ohiko mezu faxistak erabili ditu Vox-ek, eta horiekin batera Ertzaintzaren kontra ere egin du. Barakaldon haren laguntza eskertu bazuten ere, gaurkoan Abascal kexu ageri da, «gure ekitaldiak etengabe mozten aritu diren guztiak ez dituelako Eusko Gobernuak atxilotu».

«Guri mehatxua egitera datozena presidenteordearen [Pablo Iglesiasi aipamena egiten] eta Otegiren matoiak dira», erantsi du Santiago Abascalek.