NAIZ

Euskaltzaindiak 719 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan bere hiztegian

Euskaltzaindiak 719 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Forma berrien artean badira adibide bitxiak. Esaterako, ‘mandotik astora erori’, ‘mingaina dantzatu’ edo ‘lepoa berotu’. 

Euskaltzaindiak 719 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan. (EUSKALTZAINDIA)
Euskaltzaindiak 719 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2020ko bigarrena da gaur sareratu dena.

Hartara, azken sei hilabeteotan 719 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren hiztegian (41 sarrera eta 678 azpisarrera), eta 647 osatu edo findu ditu. «Hiztegia handitzen eta lehendik dagoena osatzen eta fintzen ari gara azken boladan. Forma berri-berriekin batera konbinatu behar dira tradiziokoak; horietako asko adibide gisa jasoak genituen, baina bistaratze-saio bat egin dugu azpisarrera gisa jasota, jendeak erraz aurki ditzan», azaldu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.

Osatu diren formei dagokionez, ‘maskara’ hitza nabarmendu daiteke. «Forma hau bazegoen Euskaltzaindiaren Hiztegian, ‘mozorroa’ eta orain adiera berri bat gehitu da: ‘ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, agente patogenoetatik, toxikoetatik edo hautsetik babesteko erabiltzen dena’».

Egun, 39.292 sarrera, 8.786 azpisarrera eta 66.396 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (2016an 37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera zituen).

Oraingoan 719 forma berri sartu dira Hiztegian, tradiziokoak asko eta asko. Esaterako: 'Bretoiera'; 'odolgarbi'; 'lehengo lepotik burua'; 'leher eta zapart egin'; 'opilari su egin' edo 'mandotik astora erori'. «Esaera zaharrak berreskuratu dira, eta 2019an hasitako ildoari jarraituz, euskal ondarea agerian jartzeko saioa egin du Euskaltzaindiak beste behin», azpimarratu du Miriam Urkia euskaltzain osoak.