Dabid Lazkanoiturburu

Kosovok eta Serbiak hitz egiteari berrekin diote Berlinen eta Parisen itzalpean

Serbiak eta Kosovok duela 18 hilabete etenda geratu zen elkarrizketari berrekin diote gaur, Alemaniak eta Estatu frantsesak Europako Batasunaren (EB) izenean bultzatu duten bideo-gailurraren bidez.

 Hoti kosovoarra eta Vucic serbiarra, argazki konboan. (Andrej ISAKOVIC/AFP)
Hoti kosovoarra eta Vucic serbiarra, argazki konboan. (Andrej ISAKOVIC/AFP)

Aleksandar Vucic Serbiako presidentea gehiengo osoarekin indartu duten hauteskundeak ospatu eta bi asteetara antolatu dute Parisek eta Berlinek gaur goizean hasi den bideokonferentzia.

Vucic «Serbia Handia» aldarrikatzen duen SRS ultraeskuineko alderditik dator baina 2000. hamarkadan bere burua eta bere eszisioa, SNS alderdia, zuritzea lortu zuen, betidanik Serbiaren aldekoa izan den Estatu frantsesaren laguntzarekin. Egun, EBeko Alderdi Popularraren barnean dago SNS

2012an boterera iritsi zenetik, Vucicek neoliberalismorik gordinena bultzatu du ekonomian, barne politikan autoritarismoa inposatzen duen bitartean.

Bekatu txikia Bruselarentzat, Europako Batasunean konbentzituta daude, gainera, Vucic inor baino egokiagoa dela Kosovoko auziaren konponketa sinatzeko.

Oztopoa gaindituta

Egokia baino oztopo zena Kosovoko lehen ministro ohia zen, Albin Kurti. Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdiaren buruzagiak Serbiak Kosovo errekonozitzea exijitzen du eta Serbiako produktuei muga-tasak kentzearen kontra zegoen. Baita ere auzia konpontzeko lurralde trukaketaren aurka.  

Hauteskundeak irabazi eta Gobernuan lau hilabete zeramatzanean Washingtonek eta Parisek bedeinkatu zuten jauregiko kolpe batek kargutik bota zuen joan zen ekainean.

UCK gerrilaren agintaria izan zen eta egun Kosovoko presidente den Hashim Thaciren PDK eta Ibrahim Rugova independentziaren borroka politikoan agintaria zenaren LDK alderdiek gobernu berria osatu zuten.

Gaurko gailurrean Abdullah Hoti lehen ministro eta LDK-ko agintariak ordezkatzen du Kosovo.

Vucic serbiarra eta Hoti albaniar-kosovoarra Bruselan bilduko dira berriro ere datorren igandean.

Atzokoan, Emmanuel Macron eta Angela Merkel agintariez gain, Josep Borell EBeko diplomaziaburua eta Bruselak Mendebaldeko Balkanetarako duen ordezkaria, Miroslav Lajcak, izan ziren.

Europak bizi duen lurralde-auzirik larriena konpontzea nahi du Bruselak baina beste interes batzuk ere badaude.

Washington oso interesatuta dago bere atzeguardiako base militarra bihurtu den Kosovon eta bitartekaritza lanetan saiatu da. Bi herrialdeen arteko tren eta garraio loturak indartu nahi ditu, autopista proiektu batekin.

Errusiak eta Txinak Serbia babesten dute, Kosovoko independentziari ezezkoan.