Asier AIESTARAN

Hondarribia, lehen txandatik, eta Donostiarra, lehen aldiz Euskotren Ligan, izan dira garaile Zierbenan

Hondarribiarrek erlojupeko bat egin behar izan dute lehen txandan, bezperako emaitza txarraren ondorioz, baina estropada bikaina irten zaie eta Petronor Bandera irabazi dute, bigarren garaipena lau jardunalditan. Santurtzi bigarren izan da berriz, baina lidergoa indartzen dute. Donostiarrak estreinako garaipena lortu du Euskotren Ligan.

Donostiarrak Euskotren Ligako bere lehen bandera irabazi du Zierbenan (Aritz LOIOLA / FOKU)
Donostiarrak Euskotren Ligako bere lehen bandera irabazi du Zierbenan (Aritz LOIOLA / FOKU)

Esana zuten hainbat entrenatzailek aurtengo denboraldia bereziki gora-beheratsua izan zitekeela, prestaketa ere oso arraroa joan delako koronabirusaren erruz. Eta halaxe izaten ari da: Hondarribiak Eusko Label Ligako bigarren garaipena lortu du gaur Zierbenan, Galiziako bigarren jardunaldian azkena amaitu ondoren eta atzo Donostian bederatzigarren izan ostean.

Bederatzigarren postu horrek gaur lehen txandan arraun egitera behartu du "Ama Guadalupekoa", Ares, Ondarroa eta Kaikurekin batera, nahiz eta aurkariek ia ikusi ere ez duten egin ontzi gipuzkoarra. Berdeek estropadaren burua hartu dute hasiera-hasieratik eta lana bakarka egitea tokatu zaie, erlojuaren aurka.

Ongi moldatzen dira Mikel Orbañanosen mutilak horrelakoetan, eta gaur ere horixe erakutsi dute, "titulartzat" jo daitekeen eskifaiarekin eta arraunketa luzea eta sakona erakutsiz, 19:43:92ko denbora ezarri dute helmugako balizetan. Ezinezkoa zen une horretan irabazteko nahikoa izango ote zen jakitea, baina denbora ona zela nahiko argi ikusi da.

Erreferentzia horreklin abiatu dira bigarren txandan Zierbena, Urdaibai, Cabo eta Zarautz. Eta kasu honetan bi izan dira nabarmen aurrera egin duten ontziak: Zierbena eta Urdaibai. Bien arteko borroka, hirugarren eta laugarren kaleetan elkarren aldamenean, ikusgarria izan da benetan.

Etxeko ontzia, Aitor Lazkano gaztea patroi zutela eta inoiz baino gogotsuago, aurretik ibili da une gehienetan, baina Urdaibai gain-gainean izan dute azken paladara arte. Une batzuetan Hondarribiaren denborak hobetzen joan dira –hirugarren ziabogan lau segundokoa zen aldea bizkaitarren alde–, baina azken luzean errenta galtzen joan dira eta azkenean ez dute lortu gipuzkoarren marka hobetzea. Zierbena sartu da aurretik, bermeotarrei ontzi eskaseko aldea aterata.

Gauzak horrela, ohorezko txandako oilarren eskuetan zegoen bandera Hondarribiara joango ote zen edo ez ikustea. Santurtzi, Orio eta Donostiarra, sailkapen nagusiko hiru aurrenekoak, Isuntzarekin batera egin dute arraun, atzo bezalaxe gaur ere maila aparta eman duten "lekittarrekin".

Santurtziko "Sotera", liderra izan bai baina orain arte jardunaldirik irabazi ezinik dabilen ontzia, estropada apurtzera irten da lehen paladatik, eta hasieran tartetxoa ireki duen arren Donostiarra gainera etorri zaio konturatzerako. Orio, aldiz, azkar geratu da atzean eta Isuntzarekin borrokatu behar izan du txandako hirugarren postua lortu nahian.

Aurretik, Iker Zabalak entrenatutako "Sotera" ez zegoen ezer barkatzeko, eta hirugarren luze ikusgarri batean txanda erabakita utzi du bere alde. Ez, ordea, bandera: hirugarren ziabogan Hondarribiaren denbora berdin-berdina markatu dute.

Eta azken luzean argi ikusi da "Ama Guadalupekoa"ren denbora ezingo zuela inork hobetu. Gutxienez, santurtziarrek bigarren postua eskuratu dute, Zierbenaren denbora 24 ehunenekotan hobetu eta gero, eta sailkapen nagusiko lidergoa nabarmen indartu dute, Donostiarrari hiru puntu sartu dizkiotelako gaur, eta Oriori sei.

Atzeko beste borroketan, eta hasiera txarra egin duen arren, Kaikuk jardunaldia salbatzea lortu du, lehenik bere txandan Ondarroa menderatzea lortu dutelako eta gero Zarautzek ere denbora kaxkarragoa egin duelako.

Ares eta Lekittarra, seigarren gaur, behetik urruntzen ari dira eta agian helburu berriak jartzen hasi beharko dute.

Donostiarraren aurrenekoa Euskotren Ligan

Eguerdiari hasiera eman dion Euskotren Ligako estropadan, berriz, Donostiarra izan da irabazlea, Orioren agintearekin amaitu eta gorengo mailan lortzen duen estreinako garaipena erdietsiz.

Emozioz betetako estropadfa izan da, probaren minutu gehienetan Orio aurretik ibili delako. Ziabogan, esaterako, sei segundoko aldea ateratzen zion Oriok hiriburuko ontziari, baina donostiarrek sekulako lana egin dute bigarren luzean, Natalia Tubio patroi galizarra txopan zutela, eta asteburuko bigarren bandera lortu dute elkartearentzat, bezperan mutilek lortutako garaipenari segida emanez.

Sailkapen nagusian Oriok indartsu segitzen du buruan, baina emozioa atzean handia izango da. Denbora askoan azken postuan ibiuli ondoren, azken unean Arraun Lagunakek Hondarribiari aurrea hartu dio eta orain bi taldeak berdinduta daude zazpi punturekin. Jaitsiera kanporaketa jokatzera behartzen duen azken postu hori ekiditeko borroka sekulakoa izango da.

EUSKO LABEL LIGA

XXXVII. Petronor Bandera

1.     Hondarribia    19:43:92
2.     Santurtzi    19:47:98
3.     Zierbena    19:48:22
4.     Bermeo    19:50:88
5.     Donostiarra    20:03:66
6.     Lekittarra    20:10:30
7.     Cabo    20:11:24
8.     Orio    20:12:10
9.     Ares    20:14:20
10.     Kaiku    20:19:88
11.     Ondarroa    20:21:92
12.     Zarautz    20:27:80

Sailkapen nagusia

1.     Santurtzi    43
2.     Donostiarra     39
3.     Orio    36
4.     Bermeo    32
5.     Hondarribia    29
6.     Zierbena    29
7.     Cabo    26
8.     Lekittarra    24
9.     Ares    18
10.     Ondarroa    16
11.     Zarautz    11
12.     Kaiku    9
    
EUSKOTREN LIGA

IV. Petronor Bandera

1.     Donostiarra    10:50:44
2.     Orio    10:52:08
3.     Donostia Arraun Lagunak    11:05:30
4.     Hondarribia    11:06:64
    
Sailkapen nagusia

1.     Orio    15
2.     Donostiarra    11
3.     Donostia Arraun Lagunak    7
4.     Hondarribia    7