Jaka-Albisuk bigarren puntua eskuratu dute Ceniceron jokatutako partidan (22-16)

Bigarren zatian lortutako 5-0eko partzial bati esker, gorriek garaipena lortu dute Altuna III.a-Imaz bikotearen kontra Errioxako herrian jokatutako partidan.

Imanol Carrillo|12/07/2020
Albisu
Jon Ander Albisu, pilota astintzeko prest aurreko partida batean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ez zen batere erraza Ceniceroko pilotalekuan jokatzea. Pilotak, zenbait alditan ikusi ahal izan denez, bote arraroak egiten zituen. Iñaxio Errandonea Aspe enpresako zuzendari komertzialak hala adierazi du, behintzat, ETBko kameren aurrean, eta partidan zehar ere ikusi izan da pilotak batzuetan bote arraroak egiten zituela.

Jokaldi batean Jon Ander Albisuk sufritu du egoera hori. 4-4koa zen, neurketako hirugarren berdinketan. Hala ere, Ataungo atzelariak ez du aitzakiarik izan eta atzeko koadroetan oso nagusi izan da gaurkoan.

Ander Imaz izan du aurkari atzean, eta oiartzuarra sendo aritu da ere, baina Albisuren kolpe ikusgarrien aurrean ezin izan du ezertxo ere egin.

Partida oso berdinduta joan da lehen zatian. Zazpi berdinketa zenbatu ahal izan dira, baina Albisuk bereak egiten hasi da. Bi errebote jo ditu gipuzkoarrak Ceniceroko pilotalekuan.

Tanto ederrak ikusteko aukera ere izan dute bertara joandako ikusleek. 4-3koa, adibidez, oso tanto luzea eta nahasia izan da. Urdinek oso defentsa ona erakutsi dute, baina Erik jakak egin du tantoa gorrientzat.

Jokin Altunak bere magia erakutsi du gaurkoan berriro ere, eta pilota goxo utzi du ezkerrarekin txokoan 7-7koa eskuratzeko, eta ondoren gantxo ikaragarria bota du lurretik 9-11koa egiteko.

Partida bero-bero eta polita zegoen, baina gorriek 5-0eko partzial bat eskuratu dute momentu horretan (9-11tik 14-11ra pasa dira) eta, nahiz eta urdinak 14-13a gerturatu ahal izan duten, gorriek sendotasun handiagoa erakutsi dute.

Gainera, Jakak gehiago asmatu du aurreko koadroetan eta 22-16ko emaitza eskuratu dute, Caixabank Mastersan hirutik bi puntu eskuratuz.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 342.

Iraupena: 45:54.

Markagailua: 1-0, 1-3, 4-3, 4-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-9, 9-9, 9-11, 14-11, 14-13, 17-13, 17-14, 21-14, 21-16 eta 22-16.

Sakez egindakoak: Jakak 1 eta pasa 1; Altunak 1.

Jokoan egindakoak: Jakak 11, Albisuk 5, Altunak 6 eta Imazek 1.

Galdutakoak: Jakak 3, Albisuk 4, Altunak 5 eta Imazek 0.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.