NAIZ

‘Mendia femeninoan’, Jon Martinezek emakume mendizaleei zuzendutako begirada

Jon Martinez Ibarra argazkilariak mendi arloko disziplina desberdinetan erreferenteak diren emakumeen erretratuak egin ditu, eta horien aukeraketa bat egin ostean, Photomuseumen erakusketa berria prestatu du. Egileak, aurkezpen gisa, ostiralean hitzaldia eskainiko du.

Nuria Planell Jon Martinezen begietan. (JON MARTINEZ)
Nuria Planell Jon Martinezen begietan. (JON MARTINEZ)

Zarauzko Photomuseumek erakusketa berria du, astearte honetatik abuztuaren 23ra arte. Oraingoa Jon Martinez Ibarraren lanak erakutsiko ditu zentruak, ‘Mendia femeninoan’ erakusketarekin. Uztailaren 17an 18.00etan egileak hitzaldia eskainiko du erakusketaren aurkezpen gisa.

Martinez Ibarrak mendi arloko 40 emakume erretratu ditu bere lanean. Horietako 16 aukeratu ditu Photomuseumeko erakusketa osatzeko. «Argazkigintzan, erretratuak pertsonak itxuraz nolakoak diren erakutsi dezake, baina gutxitan erakusten ditu diren bezala, eta horixe da Jon Martinezen lanaren bertuterik handiena», azaldu du Josu Zaldibarrek katalogoan.

Argazkilaria mendizalea ere bada, eta hain ondo ezagutzen duen inguruan topatu dituen emakumeen ametsak jaso ditu. «Emakume hauen begiradetan erakutsitako bizi-energia, mendia maiten duten milaka lagunek partekatzen dute; izan ere, bizimodu bilakatu dute mendia, eta aisialdia pasio bihurtu dute».

Edurne Pasaban alpinistak honakoa esan zuen behin: «Mendia eskola handi bat da. Xumea izaten eta dauzkagun gauzak aintzat hartzen, adorea izaten, ez amore ematen eta, batez ere, pertsonak eta natura errespetatzen irakatsi dit».

‘Mendia femeninoan’ erakusketan mendi arloko modalitate ezberdinetako erreferenteen zuri-beltzeko erretratuak jasotzen dira. Agertzen den emakume bakoitzaren atzean dagoena erakusten saiatu da argazkilaria. Era berean, haiei omenaldi bat da erakusketa.