NAIZ

Donostiako sorosleek deitoratu dute Udalak beraien aldarrikapenak «isilarazi» dituela

Donostiako Zurriola hondartzan protestan daude sei sorosle, ekainaren 15etik kanpaldian. Ordutik bertan dauzkaten pankartak Udalak kendu nahi izan dizkiela deitoratu du ELAk. Haien lan eskubideak ez errespetatzeaz gain, eskubide zibilak ere urratuak izan direla kritikatu du sindikatuak.

Sorosleek prentsaurrekoa eman dute ELA sindikatuaren egoitzan. (ELA)
Sorosleek prentsaurrekoa eman dute ELA sindikatuaren egoitzan. (ELA)

Eskarmentu handiko lau sorosle ez kontratatzea erabaki zuen BPX enpresak aurtengo uda sasoirako. Profesional hauek aldi baterako kontratuak pilatzen aritu dira eta urteetan aldizkako langile finko bilakatzeko aldarrikapenak egin dituzte.

Duela bi udara, ELAren babesean, behin-behineko grebarekin ere hasi ziren Gipuzkoako sorosleak –orduan Gurutze Gorriaren barnean zeuden lanean–, lan baldintzak hobetu, beharrezko materialez hornitzeko eta pleguetan subrogazioa bermatzea aldarrikatuz. Abuztuan hitzarmena sinatu zuten eta udalak konprometitu ziren pleguetan subrogazioa bermatzera.

Donostiakoak, baina, subrogazio pleguetatik kendu zuen eta, ondorioz, hamar urte Zurriola hondartzan lanean zebilen sorosle bat ez kontratatzea merke irten zaio BPX enpresari –iazko udaratik dauka Donostiako hondartzen sorosle zerbitzua–.

Mikel Yanci eta Jon Ibargurenek hamar eta lau urte zeramatzaten Zurriolan lanean eta ekainaren 15etik protestan ari diren sorosleetako bi dira. Aurreko ostegunean, hain zuzen ere, NAIZi azaldu ziotenez, aurreko urtean materialaren gabezia eta erregularizazio faltaz kexatzeagatik geratu dira lanik gabe, besteak beste.

Ostegun honetan prentsaurreko bat egin dute Udalaren jarrera deitoratzeko. Pasa den astelehenean, kasik hilabete batez protestan zeudenean –erreportajea argitaratu eta egun gutxira eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeen biharamunean–, Udaltzaingoa hurbildu zitzaien bertan kanpaldia egiteko beharrezkoak dituzten mahai eta aulkiak erretiratzera. Egunero 12 orduz egoten dira bertan, azken egunetan beraien artean txandak eginez.

ELA sindikatuak ohartarazi du, hori gutxi balitz, hurrengo egunean, uztailaren 14an, bertan zeuzkaten pankartak kentzera behartu zituztela udailtzainek. Sindikatuak gogoratu du pankarta hauek derrigorrezkoak direla sorosle hauen aldarrikapenak hedatzeko eta kenduz gero «elkarretaratzeak bere zentzu guztia galtzen» duenez, hauek erretiratzeari uko egin zietela sorosleek. Hala, isuna jarri zien Udaltzaingoak.

2018ko hitzarmena betetzea

«Gure ahotsa isilaraztea lortu zuten mozal legearen aplikazio krudelena erabiliz», adierazi dute sorosleek. Eskatu dute utz diezaietela beraien aldarrikapenak «askatasunez» egiten.

Udalari zein BPX enpresari exijitu diete dagokien arduraz joka dezatela eta behingoz konprometitu daitezela sorosle guztien lan baldintzak hobetzera.

Hala, hiriburuko erakunde publiko nagusiari, espreski, dei egin diote duela bi urte sinatutako hitzarmena betetzera eta honekin pleguetan subrogazioa bermatzeko baldintza jasotzea. Era berean, lanik gabe geratu diren sorosle hauek lanean berronartzea ere eskatu diote Udalari zein enpresari.

Hurrengo ostegunean, hilak 23, Udaleko osoko bilkuran sorosleek, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien babesarekin, aurkeztutako mozioa tratatuko da.