NAIZ

Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra, euskaltzain oso

Paskual Rekalde hizkuntzalari baztandarra euskaltzain oso izendatu du ostiral honetan Euskaltzaindiak Bilbon egin duen Osoko bilkuran. Itzultzaileak Andres Iñigoren hutsartea beteko du Akademian.

Bilbon Akademiak gaur egindako Osoko bilkuran izendatu dute Paskual Rekalde , eskuineko irudian. (EUSKALTZAINDIA)
Bilbon Akademiak gaur egindako Osoko bilkuran izendatu dute Paskual Rekalde , eskuineko irudian. (EUSKALTZAINDIA)

Paskual Rekalde eta Paula Kasares nafarraren artean erabaki behar zuen gaur Euskaltzaindiak ea nor izango zen Nafarroa ordezkatuko zuen euskaltzain oso berria. Biak Andres Iñigo euskaltzain emerituaren hutsartea betetzeko proposatutako hautagaiak izan dira, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituztelako euskaltzain osoek.

Gaur Bilbon Akademiak egindako Osoko bilkuran, Paskual Rekalde hautatu dute. Rekalderekin 93 dira bere sorreratik Akademiak izendatu dituen euskaltzain osoak.

Otsailean egin beharreko bilkura zen gaurkoa eta luzatu egin behar izan da, martxoko eta apirilekoak bertan behera geratu zirelako, pandemiak behartuta. Horretara, Akademiaren arautegiaren eta barne-erregelen arabera, gaur Osoko bilkuran egin den bozketatik atera da azkenean euskaltzain oso berriaren izena.

Gogoratu behar da Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dutela; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakoitzak dituen merezimenduak xeheki aipatuz. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea

Azkenean, Paskual Rekalde Irigoien aukeratu dute. Amaiurren, 1963an jaioa, Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea.

Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren ‘Baztango Hiztegia’ eta ‘Dirua galgarri’ lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak.

Euskaltzain urgazle 2003an izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.

Bidean Paula Kasaresen hautagaitza gelditu da. Soziolinguistika arloan garatu du ikasketa eta lan ibilbidea Iruñean 1969 jaiotako emakumeak. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan burutu ditu. Egun, Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari, bai eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle ere dihardu. 2006tik euskaltzain urgazlea da.