NAIZ
IRUÑEA

Wikipedian euskarazko edukiak sortu, zabaldu eta kontsumitzea sustatuko du Gobernu nafarrak

Euskarabideak eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, Wikipedian euskarazko kultur eduki digitalen sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeko.

Ezkerretik eskuinera, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, Ana Ollo kontseilaria, Euskal Wikilarien Elkarteko lehendakari Xabier Armendaritz eta Alex Pulido proiektuaren arduraduna Nafarroan. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Ezkerretik eskuinera, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, Ana Ollo kontseilaria, Euskal Wikilarien Elkarteko lehendakari Xabier Armendaritz eta Alex Pulido proiektuaren arduraduna Nafarroan. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Herritarrei euskarazko eduki digital eta kulturalaren eskaintza handitzen jarraitzeko asmoz, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilari nafarrak eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak bi erakundeen arteko lankidetza formalizatu dute.

Nafarroako Gobernuak 25.000 euroko diru ekarpena egingo du, eta kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarrekin lan egingo dute aurten Nafarroan ‘Wikipedia Euskaraz’ programa ezartzeko.

Euskarabideak informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia areagotzea jarri zuen helburutzat Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019), euskararen gizarte erabilera sustatzeko helburu nagusiarekin. Bigarren planak ere bide beretik jarraituko du. Hortaz, interneten dauden informazio guneetan euskarazko argitalpenak eta eskaintza handitzeko ekimenak babestea beharrezko ikusten du.

Bere hitzaldian, Ollok azpimarratu du akordioa sinatzeak «lankidetza instituzional publiko-pribatu horretan aurrera egitea» dakarrela, «kasu honetan bezala, 2016tik edukia eta ezagutza librea eta horiekin lotutako proiektuak euskaraz zabaltzen dituen elkarte batekin».

«Aro batean bizi gara, non teknologiaren erabilerak aurrera egiten duen egunez egun, lanean eta aisialdian, edo kulturaren kontsumoan. Hori dela eta, une ezin hobea da horrelako lan sinergiak ezartzeko, Nafarroako herritar guztien eskura euskarazko kultur adierazpenak jartzeko eta hainbat jardueraren bidez zabaltzeko», esan du.

Ollok gogorarazi duenez, Nafarroa Suspertu Planaren barruan, «agerian geratzen da berrikuntza teknologikoaren beharra aurrera egiteko». «Bizi dugun aro digitala are nabarmenago geratu da konfinamenduan, eta prozesu hori aprobetxatu behar dugu euskara eta bere kultura pertsona guztien eskura jartzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko», gaineratu du.