NAIZ

Zaldibarren erantzukizunak hartu gabe direla aurpegiratu diote Urkulluri Legebiltzarraren aurrean

Zaldibarko hondamendiak ezaugarritu zuen aurreko legealdiaren bukaera eta berriaren hasieran ere oihartzuna izan du. Zaldibar Argitu ekimenak deituta, elkarretaratzea izan da gaur osatu den Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, erantzukizunak hartu gabe direla nabarmenduz.

Bi langileen izenak, Legebiltzarraren aurrean. Ostegunean sei hilabete beteko dira. (@LABsindikatua)
Bi langileen izenak, Legebiltzarraren aurrean. Ostegunean sei hilabete beteko dira. (@LABsindikatua)

Lehendakari izaten jarraituko duen Iñigo Urkulluk eta gainerako gobernukide eta legebiltzarkideek Zaldibarko zabortegiaren katastrofea argitzetik –eta ahaztua izatetik– urrun dela egiaztatu dute Ganbarako gaurko lehen saioaren atarian. Izan ere, Zaldibar Argitu ekimenak deiturik, elkarretaratzea burutu da Legebiltzarraren aurrean.

Pankartan bi aldarri: «Osasuna» batetik eta «erantzukizunak» bestetik. Eta bi izen, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, hondamendiak lurperatutako langileak hain zuzen ere. Ostegun honetan sei hilabete beteko dira luizia gertatu zenetik eta oraindik agertu gabe dira bien gorpuak.

Katastrofea jazo bezain laster Legebiltzarra Urkulluk desegin zuenez, hauteskundeak aurreratzea lehenetsiz, Zaldibarren gertatutakoa ez da apenas eztabaidatu Ganbaran. Otsailaren 18an Diputazio Iraunkorraren bilera berezia egin zen, lehendakariak eta lau sailburuk horren inguruko azalpen batzuk eman zitzaten. Baina geroztik datu berri ugari ageri da, bai eta erantzun gabeko zenbat galdera ere, eta legebiltzar berriak auziari heldu beharko dio, beraz, sakonago eta zehatzago.

Legebiltzarreko bi muturretatik ikerketa batzordea abiatzeko komenigarritasuna aldarrikatu dute bai EH Bilduk bai eta PPk ere. Ikusteko dago gehiengoa duten EAJk eta PSEk horren aurrean hartuko duten posizionamendua.