NAIZ

Gipuzkoako dozenaka ostalari, kalean Lakuak ezarritako murrizketen aurka

Gipuzkoako 70 lokal baino gehiagoren ordezkariak bildu dira gaur asteartean Donostiako Udalaren aurrean Lakuako Gobernuak ezarritako gaueko aisiako neurriak, hala nola ordutegi-murrizketak, salatzeko asmoz. Argudiatu dutenez, ordutegi-murrizketek eragingo dute bezeroak eremu desegokietan biltzea, besteak beste etxe partikularretan eta plazetan.

Gipuzkoako ostalaritza ordezkari hauek, gaur Donostiako Udalaren aurrean. (Jon URBE/FOKU)
Gipuzkoako ostalaritza ordezkari hauek, gaur Donostiako Udalaren aurrean. (Jon URBE/FOKU)

Gipuzkoako ostalaritzako profesional hauek «justifikatu gabetzat» jo dituzte Lakuako Osasun Sailak covid-19 pandemiari aurre egiteko ezarritako gaueko aisialdirako ordutegi-murrizketak, eta lokal gehienen iraupena arriskuan jartzen dutela ziurtatu dute.

Gipuzkoako gaueko aisiako 70 lokal baino gehiagoren ordezkariek jakinarazpen bat argitaratu dute. Komunikatu horretan, Lakuako ordutegi-ezarpenak enplegua suntsitzea ekarriko duela eta «euskal defizitean eragin negatibo nabarmena» izango duela adierazi dute.

Argudiatu dutenez, ordu tarteak eta birusaren zabalpena elkar loturik direnik ez du ezerk frogatu. Eta erantsi dute 1.30etik aurrera gune arduradunik eta arauturik ezean, bezeroak eremu desegokietan bilduko direla, hala nola etxe partikularretan edo plazetan.

Era berean, «positibo bakarra» izan duten establezimenduak ixtearen aurka daudela adierazi dute eta ostalaritzako sektoreari arau hau bakarrik aplikatzea kritikatu dute.

«Gobernuk horrelako neurriak beharrezkotzat jotzen baditu, sektore guztiei berdin aplikatzea eskatzen dugu. Taberna bat ixten bada positibo batengatik, zergatik ez itxi merkataritza-zentro bat, enpresa handi bat, eliza bat, udal bat edo komisaldegi bat?», galdetu dute ostalariek.

Gainera, deitoratu egiten dute ostalaritza «sektore bakarra» izatea prebentzio-neurriak hartzeko, hala nola «bezeroek ukitzen dutena erabili eta berehala desinfektatzea», eta hori ez aplikatzea, adibidez, «kutxazain automatikoetan edo garraio publikoan».

Ostalariek, besteak beste, gaueko ordutegi-murrizketen iraupenari, konpentsazio ekonomikoei, enplegatuei ERTE luzatzea eta araudia betetzeko merkataritza txikiari malgutasuna emateari buruzko informazioa eskatu dute.

Ekimenak ez du Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen laguntzarik.