Asier AIESTARAN

Wout Van Aert izan da irabazlea Milano-Sanremo klasikoan

Jumbo taldeko flandriarrak Julian Alaphilippe menderatu du bien arteko azken esprintean. Frantziarrak apurtu du lasterketa Poggioko azken metroetan, baina Van Aert azkarragoa izan da helmugan. Alex Aranburuk meritu handiko zazpigarren postua sinatu du.

Wout Van Aert garaipena ospatzen Sanremoko helmugan (Marco BERTORELLO / AFP)
Wout Van Aert garaipena ospatzen Sanremoko helmugan (Marco BERTORELLO / AFP)

Wout Van Aert txirrindularitza zaleak aho zabalik uzten ari da behin eta berriro. Iaz mota guztietako garaipenak lortu bazituen, aurten ere bide beretik doa: aurreko asteburuan aldapan gora amaitzen den Strade Bianche klasikoa irabazi zuen, eta gaur Milano-Sanremo irabazi du esprintean.

Jumbo taldeko herbeheretarra Julian Alaphilippe frantziarrarekin iritsi da helmugara, eta bien arteko borrokan Van Aert azkarragoa izan da. Atzeko taldetxoan Michael Matthews izan da indartsuena eta hirugarren postua eskuratu du.

benetan aipagarria Alex Aranburu gipuzkoarrak lortu duen zazpigarren postua, aurten 305 kilometro izan dituen urteko lehen "monumentuan". Gorka Izagirre ere aurrean iritsi da azken metroetara eta Ormaiztegikoak egin duen lanari esker Aranburuk emaitza ederra erdietsi du.

Alaphilippen erasoa Poggion

Lasterketa Alaphilippek hautsi du Poggioko azken metroetan. Iaz egin zuen bezalaxe, Deceuninck taldeko frantziarrak sekulako erasoa jo du, aurkari denak atzean utzi eta mendate gaina bakar bakarrik igaroz.

Atzetik Van Aert izan da gehien hurbildu zaiona, eta Poggioko jaitsiera azkarrean herbeheretarrak frantziarrarekin bat egitea lortu du. Hortik aurrera, aurreko biak ongi moldatu dira helmugara batera iristeko, eta atzean ez da nahikoa ulermen izan aurrekoak harrapatzeko.

Alaphilippe izan da esprinta jaurti duena, baina Van Aertek modu ikusgarrian eutsi dio erasoari eta ez dio aukerarik eman aurkariari. Datu bat: Van Aertek Alaphilippek iaz lortu zuena errepikatu du, Strade eta Milan-Sanremo jarraian irabaztea. Eta beste bat: 21 urte ziren belgiar batek Sanremon besoak altxatzen ez zituela.

Ibilbide desberdina, gidoi berbera

Nahiz eta aurtengo ekitaldiak berezitasun asko izan –inoiz baino beranduago korritzea, ibilbide desberdinarekin eta inoiz baino kilometro gehiagorekin, talde bakoitzean sei txirrindulari bakarrik irteeran...–, lasterketaren gidoia ia betikoa izan dela esan daiteke.

Zazpi txirrindularik hasieratik osatutako ihesaldiak ez du inolako aukerarik izan, eta aurten lehen aldiz igo duten Nava mendateak ere, helmugatik 70 kilometrora, ez du ezertan aldatu tropelaren jokaera. Lehen zatiko albiste bakarra Matteo Trentin italiarraren erorikoa izan da, etxerako bidea hartuz.

Benetako lehen saiakerak Cipressan gora heldu dira. Vliegen, Mosca eta, batez ere, Giulio Ciccone izan dira aurrera egiten saiatu direnak, baina ez dute tarterik ireki. Hori bai, bidean esprinter batzuk atzean geratu dira erritmoa jarraitu ezinik, Caleb Ewan edo Fernando Gaviria, esaterako.

Ondoren Daniel Oss izan da aurrera egin duena, baina ez du lortu tropela ezustean harrapatzea eta multzoak osorik ekin dio Poggioko igoerari.

Azken igoera horretan Brambilla eta De Gend izan dira erasoa jotzen lehenak. Ondoren Vincenzo Nibali ausartu da taldea apurtzera. Baina benetan bere helburua lortu duena Julian Alaphilippe izan da.

Autobusean pentsatutako plana bikain ateratzen ari zitzaion frantziarrari, baina azkenean Van Aert izan da helmugan nagusi. Amaieran bien arteko besarkada sentituak argi erakutsi du bi txapeldun handien artean dagoen miresmen eta errespetua.