Garaipen eder eta sufritua eskuratu dute Altunak eta Imazek Oiartzunen

Gipuzkoarrek 21-22 menderatu dituzte Ezkurdia eta Aranguren ordu eta erdiz luzatu den 768 pilotakadako neurketa gogorrean. Irabazleek Artola eta Rezusta liderrak harrapatu dituzte sailkapenean, nahiz eta haiek partida bat gutxiago jokatu duten. Irurtzunen, Olaizola-Zabaletak 22-9 irabazi dute Bengoetxea VI-Martijaren aurka.

Asier AIESTARAN|09/08/2020
Imaz
Imazek garaipena lortu du etxean (Idoia ZABALETA / FOKU)

Jokin Altunak eta Ander Imazek bigarren garaipena lortu dute 48 ordu baino gutxiagoan. Ostiral gauean Bengoetxea VI-Martijari irabazi ostean, gaur Ezkurdia eta Aranguren menderatu dituzte Oiartzunen, 22-21 amaitu den norgehiagoka gogorrean.

Neurketak ordu eta erdiko iraupena izan du, 768 pilotakada jo dituzte, eta gainera beroak are eta gogorragoa bihurtu du Madalensoroko partida. Altuna boleaz ezker paretean bihurritutako pilotakada batek erabaki du neurketa.

Garaipenari esker, Altunak eta Imazek Artola eta Rezusta liderrak harrapatu dituzte sailkapenean, biak sei punturekin, nahiz eta haiek partida bat gutxiago jokatu duten. Ezkurdia eta Aranguren, aldiz, lau garaipenekin geratuko dira sailkapenaren erdialdean.

Fase desberdinak

Gorriak oso indartsu sartu dira partidan eta 6-0 aurreratu dira markagailuan. Aitor Aranguren sekulako txisparekin ibili da lehen zati horretan eta Altunak pilota ikusi ere ez du egin ia.

Baina tanto guztiak alde batera erori diren arren, tanto gogorrak izan dira gehienak, eta hasiera-hasieratik ikusi da neurketa oso gogorra suertatu litekeela.

Halaxe izan da, eta baldintza horietan bikain moldatzen dira Altuna eta Imaz. Arangurenek freskotasun apur bat galdu ahala, Altuna jokoan gehiago sartzen hasi da eta errematean asmatzen. 10-10ekoa izan da lehen berdinketa, eta ondoren urdinek ihes egin dute markagailuan: 12-16.

Garaiz esnatu dira gorriak, Arangurenek pilotakada bikainak jotzen segi du atzean –egindako sei apuntatu dizkiogu– eta Ezkurdiaren erremateekin batera neurketa 17-17 eta 18-18 parekatu da.

Bazirudien ostiral gauean egin zuen bezala, Altunak erabakiko zuela azken txanpa, bere hiru jokaldi bikainekin 18-21 aurreratu direlako berriz, baina Ezkurdiak ere ez zuen festa amaitzerik nahi eta emozioa azken unera arte luzatu du 21-21ekoarekin.

Hori bai, azken tantoa Altunak egin du paretean eta garaipena urdinentzat izan da. «Leher eginda nago, baina ezin da gehiago eskatu: partida ona, borrokatua, frontoia beteta... Herrian oso maitatua sentiotzen naiz eta hori oso garrantzitsua da niretzat», aitortu du amaieran gaur etxean jokatu duen Ander Imaz oiartzuarrak.

Aipagarria da aspaldiko partez sekulako giroa egon dela pilotalekuan, bere txalo, garrasi, animo eta abarrekin. «Ez nuen sekula pilotaleku hau horrela ikusi», esan du adibidez Imaz berak.

Alde handia Irurtzunen

Oso bestelako kontuak izan dira Irurtzunen, non Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak 22-9 irabazi duten Oinatz Bengoetxea eta Julen Martijaren aurka. Azken hauek 3-4 irabazten egon dira, baina gorriak zuzenean 16-4ra joan dira 13 tanto segidan eginez.

Kontuan izan behar da Irurtzuneko pilotalekua oso bizia dela eta Zabaleta bezalako jotzaile batek min handia egin dezakeela bertan. Aimar ere fin dabil azkenaldian eta ederki baliatu du bere atzelariaren nagusitasuna.

Bi bikote hauek bost punturekin berdinduta geratzen dira orain sailkapenean.