NAIZ
LEKEITIO

Lekeitioko Garraitz uhartean hiru eguneko indusketa arkeologikoak antolatu dituzte

Atabaka Kultur Alkarteak Lekeitioko Garraitz uhartean indusketa arkeologikoak antolatu ditu hil honen 18, 19 eta 20an. Kanpaina honen helburua iaz XIV. mendeko Europako hainbat jatorritako txanponak aurkitu ziren aztarnategian sakontzen jarraitzea da. Parte hartzea irekia da.

Iaz, XIV. mendeko Europako hainbat jatorritako txanponak aurkitu ziren. (Atabaka)
Iaz, XIV. mendeko Europako hainbat jatorritako txanponak aurkitu ziren. (Atabaka)

Aurtengo zailtasunak zailtasun, Atabaka Kultur Alkarteak Lekeitioko Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek zuzendutako boluntarioen laguntzarekin, indusketa arkeologikoak antolatu ditu Garraitz uhartean, abuztuaren 18, 19 eta 20an.

Iaz, 2019an, Garraitz uhartea ‘Parke Arkeologikoa’ izendatu zen, «eta horrek uhartearen balio historikoaren benetako aintzatespena ekarri zuen, aztarna fisikoei dagokienez duen aberastasunagatik, hala nola bere habitat natural bereziagatik», adierazi du elkarteak. «Parke arkeologikoek gertaera historikoak ulertzen bideratzen dituzte, lekukotasunak berton bisitatzen direlako. Honez gain, gure kultura-ondarea aztertzeko eta zaintzeko bokazioak sortzen laguntzen dute».

Kanpaina honen helburua iaz XIV. mendeko Europako hainbat jatorritako txanponak aurkitu ziren aztarnategian sakontzen jarraitzea da, bai eta aurkikuntza testuinguruan kokatzen lagunduko duten giza aztarnak ere. Era berean, uharteak historian zehar izan dituen hiru erabilera historikoak (erlijiosoa, zibila eta militarra) osatzen joatea dugu xede.

Lan honetan borondatez parte hartu nahi duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte abuztuaren 18an, asteartearekin, 9.00etan Lekeitioko Isuntza hondartza uhartearekin lotzen duen «islako moila edo malekoian» jarri duten hitzordura bertaratzera. Eskatu dutenez, eskularruak eramatea komeni da, baita musukoa ere.

Atabakak adierazi duenez, elkarlaneko eredu baten aldeko apustua egiten du «ondare historiko hau merezi duen tokian kokatuko duen etengabeko arrakasta lortzeko». Horretarako, iritzi du, «beharrezkoak» diren lau eremu jorratzen ditu: erakunde publikoak, komunitate zientifikoa, herritarren parte-hartze zuzena eta babes pribatua.