Haritz Larrañaga

Pompili ministroa, Lapurdin hondakin plastikorik gabeko hondartzen egitasmoa sustatzeko

Barbara Pompili Trantsizio Ekologikoaren ministro frantsesa Biarritzen eta Angelun izan da asteazken honetan, «hondakin plastikorik gabeko hondartzen karta» egitasmoa sustatzeko. Eragile desberdinekin bildu da eta elkarteetako ordezkarien eskariak jaso ditu. Berriki Gobernu frantsesak nekotikoide intsektizida baimentzeko hartu duen hautuaren inguruan hitz egin behar izan du, kazetariek galdetuta.

Barbara Pompili ministro frantsesak Biarrizlko portu txikian hasi du itzulia. Bob EDME
Barbara Pompili ministro frantsesak Biarrizlko portu txikian hasi du itzulia. Bob EDME

Itsasoko hondakinak jasotzen dituen ontzi batean hasi du Euskal Herrirarako bisita Barbara Pompilik, Trantsizio Ekologikoaren ministro frantsesak. Jarraian Water Family elkarteko kideek emandako azalpenak entzun ditu Biarrizko portu txikian, eta handik Hondartza Handira abiatu da. Angelun ostera, material jasangarria erabiliz surf taulak egiten dituen Notox lantegian izan da eta baita duela bi aste suteak kalteak eragin zituen Izadia parkean ere.

Pompili ministroak Lapurdin egin duen itzuli txikiaren helburua «hondakin plastikorik gabeko hondartzen karta» egitasmoa sustatzea izan da. Gobernu frantsesak iaz martxan jarri zuen «engaiamendu karta» eta Biarritz izan zen lehenetarikoa egitasmoarekin bat egiten. Egitasmoa beste proiektu zabalago baten baitan kokatzen da, hau da, «gaurtik 2025era zero hondakin plastiko isurtzeko Biodibertsitate plana» egitasmoaren baitan.

Itsasoan amaitzen duten hondakin plastikoen %80ak bere jatorria lurrean duela oroitarazten duen planak, prebentzioa, sentsibilizazioa eta garbiketa ardatz hartuta hamabost konpromiso zehatz hartzera gonbidatzen ditu plana sinatu nahi duten udalerriak. Horrela, karta sinatzen duten herriek haien hondartzetan plastiko gutxiago izateko konpromisoa hartzen dute. Biarritzek esaterako, iazko irailean sinatu zuen karta eta horrekin batera herritarrek jarraitu beharreko jardunbide egokien protokoloa ezarri zuen.

Gaiarekiko sentsibilizazioz lantzeko hainbat neurri barnebiltzen ditu egitasmoak, hala nola, afixa publikoak ezartzea, informazioa banatzea, haurrak eginbide egokiak izan ditzaten heziketa sustatzea, turismoan eta aisialdian lan egiten duten eragileek eginbide egokiak jarraitzeko laguntza ematea, erabilera bakarreko plastikozko poltsak ekiditeko saltokiekin harremanetan egotea, hondartzen garbiketa herritarrak sustatzea, eta hondartza sarrera-irteeretan zakarrontzi egokiak ezartzea.

Prebentzioan eragitea
Planaren beste ardatz garrantzitsua prebentzioa da eta berau bultzatzeko ere hainbat neurri ezarriko dira. Besten artean, hondartzetan egiten diren ekitaldietan plastikoaren erabilera ekiditeko neurriak ezartzera behartuko dituzte antolatzaileak. Bestalde, praktika egokiekin bat egiten duten ostalaritzako eragileak sustengatuko dituzte eta, horrekin batera, material iraunkorren erabilera bultzatu beharko dute karta sinatzen duten udalerriek.

Hartutako konpromisoa bete ote den egiaztatzeko jarraipen adierazleen bidez ebaluazio bat egingo da uda sasoiaren amaieran. Horretarako, udalerri bakoitzak adierazleen emaitzak trantsizio ekologikoaren ministerioari igorri beharko dizkio. Adibidez, sentsibilizazio afixen presentzia zenbatekoa izan den, ikasleentzat antolatutako ekimen kopurua, informazio bilkura kopurua, egitasmoarekin bat egin duen merkatari kopurua, eta antzeko datuen berri eman beharko dute kartaren sinatzaileek.

«Ideia da kartak ahalik eta zabalkunde handiena izatea, zeren trantsizio ekologikoa gauzatzeko ideia handiak izan ditzakegu, baina lurraldeek ideiak bere sentitzen ez badituzte ezer gutxi egin dezakegu, lekuko eragileen parte hartzea ezinbestekoa da», nabarmendu du Barbara Pompilik.

Kazetarien aurrean Biarritzen
Uraren, osasunaren eta planetaren babeserako hezkuntza helburu duen Water Family elkarteak «Karta Eco Responsable» izenez bataiatu duten egitasmoa aurkeztu dio Pompili ministroari. Biarrizko Arrantzaleen kaian muntatu duten ikasgela moduko batean eman dituzte azalpenak eta amaieran eskakizun bat egin diote Gobernu frantseseko ordezkariari: «Ekologiak hezkuntza programaren baitan egon behar du, Gobernuak bere garrantzia ulertu behar du».

Biarrizko Hondartza Handian lagun talde batek egin duen garbiketa herritarraren lekuko ere izan da Pompili eta une hori hautatu du prentsaren aitzinean hitz egiteko.

Ordea, kazetariek egin dizkieten galderen artean oihartzun gehien izan duena ez da izan itsasoko uraren edo hondartzen kalitatearen ingurukoa, berriki hartu duen bestelako erabaki baten ingurukoa baizik. Izan ere, erremolatxa ekoizleei nekotikoideak erabiltzeko baimena eman die Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta auziak hautsak harrotu ditu, ministroa berak erleak hiltzen dituen intsektizida debekatzearen alde agertu baitzen 2016an.

«Imajinatzen duzue zein erabaki zaila den?» galdetu die Pompilik kazetariei. «Hau ekiditeko edozein proposameni irekia naiz, baina epe motzera ezin dugu intsektizida hori gabe egin, bestela ezingo da erremolatxa ekoiztu Frantzian», adierazi du ministroak.

Surf taulak eta Izadi parkea
Angelun Notox enpresa ezagutu du Pompili ministroak. Gertutik ikusi ahal izan du surf taulak egiteko material jasangarriak erabiltzen dituen lantokia. Frantzia iparraldeko zuntz-lihoa, Landetako kortxoa, Bretainiako biomasa erretxina eta Akitaniako poliestireno birziklatua erabiliz surf taulak nola egiten dituzten azaldu diote ministro frantsesari taula egileek.

Itzulia Izadia parke naturalean amaitu du Gobernu frantseseko ordezkariak. Uztailaren 30eko gauean Xibertan izan zen sutearen ondorioak zuzenean ikusi ahal izan ditu eta bertan eraikiko den egitasmo berriari laguntza emateko prestutasuna erakutsi du.