NAIZ
LONDRES

Erresuma Batua atzeraldian sartu zen bigarren hiruhilekoan, BPGa %20,4 hondoratuta

Europako Bigarren ekonomia handienak beherakada historikoa izan zuen apirila eta ekaina bitartean, Barne Produktu Gordinak (BPG) %20,4ko beherakada izan baitzuen aurreko hiru hilabeteekin alderatuta, orduan %2,2ko uzkurtzea erregistratu baitzuen. Hala, 2009tik lehen aldiz atzeraldian sartu da Erresuma Batua, Estatistikako Bulego Nazionalak (ONS, ingelesez) argitaratutako datuen arabera.

Boris Johnson lehen ministroa, ospitale bat handitzeko lanetara eginiko bisita batean. (Matthew HORWOOD/AFP)
Boris Johnson lehen ministroa, ospitale bat handitzeko lanetara eginiko bisita batean. (Matthew HORWOOD/AFP)

ONS-k asteazken honetan jakinarazi duenez, Erresuma Batuko ekonomiaren sektore guztiek izan zuten beherakada, Gobernuak covid-19aren hedapenari aurre egiteko ezarritako konfinamendu neurrien ondorioz.

Estatistiken arabera, inoizko beherakarik handiena izan du Erresuma Batuko ekonomiak 2020 honetako bigarren hiruhilekoan.

Lehen hiruhilekoan (urtarriletik martxora), BPG britainiarrak %2,2 egin zuen atzera, baina apiriletik aurrera nabarmen egin zuen okerrera, herrialdeak geldialdi ekonomikoa bizi izan baitzuen pandemiak eragindako konfinamenduaren ondorioz.

Termino teknikoetan, ondoz ondoko bi hiruhilekotan ekonomia uzkurtzen denean ematen da atzeraldia.

Hala eta guztiz ere, BPGa %8,7 hazi zen ekainean, konfinamendu neurriak leuntzen hasi zirenean; maiatzean, berriz, %2,4 igo zen, baina apirilean %20 jaitsi zen, Onsek asteazken honetan jakitera eman dituzten datuen arabera.

Bigarren hiruhilekoan gehien zigortutako sektoreak honakoak izan ziren: ostalaritza (%86,7ko  beherakadarekin), txikizkako merkataritza (%20 jaitsi zen), garraioa (%30), jarduera zientifiko eta teknikoa (%20,4) eta hezkuntza arloa, %34,4 jaitsita. Eraikuntzak, aldiz, %35eko beherakada jasan zuen, eta industrialak %20,2ko beherakada izan zuen apirila eta ekaina bitartean.

Jonathan Athow Onseko estatistika arduradunak esan duenez, koronabirusaren pandemiak eragindako atzeraldiak BPGaren beherakada «errekorra» eragin du hiruhileko batean.

«Ekonomiak gora egin zuen ekainean dendak berriro ireki zirenean, lantegiek ekoizpena martxan jarri zutenean eta eraikuntzaren sektorea suspertzen hasi zenean», gaineratu du.

Era berean, koronabirusaren krisiak 220.000 enpleguren galera eragin zuen Erresuma Batuan urteko bigarren hiruhilekoan, eta horrek esan nahi du 2009ko maiatzetik uztailera bitarteko epetik landunen kopuruan izan duen beherakadarik handiena izan dela; langabezia-tasa, berriz, % 3,9an mantendu zen, neurri handi batean Gobernuak ezarritako lana eteteko neurrien ondorioz.

ONS-ren arabera, apirila eta ekaina bitartean Erresuma Batuan 32,92 milioi langile zeuden lanean, hau da, 113.000 langile gehiago, baina 220.000 behargin gutxiago urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.