NAIZ

Tambourindeguy eta Lekerika izan dira Donibane Lohizuneko hirugarren Masterraren irabazleak

Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan menderatu zituzten: 11-15 eta 7-15. Aipamen berezia merezi du Jon Tambourindeguyk, anaietan gazteenak, min hartuta dagoen Olha ordezkatuz sartu baitzen lehiaketan eta azkenean garaipena erdietsi du finaleko jokalari onena bilakatuz.

Sari banaketaren irudia (JAI ALAI NEWS)
Sari banaketaren irudia (JAI ALAI NEWS)

Jon Tambourindeguy eta Unai Lekerikabeaskoa izan dira Donibane Lohizuneko "Internationaux" torneoaren hirugarren Masterreko irabazleak. Astearte gauean, Campos Berri pilotalekuan salgai ipini ziren sarrera denak salduta zirela, Iñaki Osa Goikoetxea eta Ibon Aldazabal faboritoak bi jokotan menderatu zituzten: 11-15 eta 7-15.

Aipamen berezia merezi du Tambourindeguy anaietan gazteenak, lehiaketan min hartuta dagoen Olha ordezkatuz sartu baitzen eta azkenean garaipena erdietsi du finaleko jokalari onena bilakatuz. Bidarteko aurrelariak pilota ederki arrimatu zuen ezker paretera, bikain jardun zen erreboteko pilotetan, eta aurrean tantoa amaitzen ere ongi asmatu zuen.

Atzean ere asko lagundu zion Unai Lekerika gernikarrak. Denboraldi bikaina egiten ari da bizkaitarra eta atzo ere lan ona egin zuen, nahiz eta ezin izan zuen finalerdian bezain besteko minik egin piloteoan, seguruenik pilotak motelagoak izan zirelako finalean.

Edonola ere, lehen jokoa parekatua izan zen eta berdinketa ugari egon ziren markagailuan 9-9kora arte. Hortik aurrera urdinek gehiago asmatu zuten. Bigarrenean ere antzeko zerbait gertatu zen: Goikoetxeak bikotearen pisua hartu zuen bizkar gainean eta tanto ederrak eginez 7-9 hurbildu ziren, baina jokoaren bigarren zatian Tambourindeguyk erabaki zuen neurketa.

Ostegunean jokatuko dira laugarren eta azken Masterraren finalerdiak: Beaskoetxea-Lekerika / P. Tambourindeguy-Maya eta Olharan-Etcheverry / Hormaetxea-Etcheto. Ondoren Grand Slamaren txanda izango da.

Xistera Mastersa, Markinan

Bestalde, Xistera Masterseko finalerdiak ostiralean jokatuko dira Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, 19.00etan hasita. Finalerdiak aldaketa batekin datoz, izan ere Mancik ezin izango baitu jokatu eta bere ordez Jon Mandiola arituko da. Ondorioz, Mandiola anaien arteko dema izango da.

Gonzalez eta Jon Mandiola, Arberen eta Danel Mandiolaren aurka neurtuko dira, Mandiola anaiak elkarren aurka. Azken bikote honek final-laurdenak jokatu behar izan zituen, eta itxura ona emanez aise hartu zituen mendean Alberro eta Zugaitz. Gonzalezentzat eta Jon Mandiolarentzat lehen partida da Masters honetan, zuzenean baitzeuden finalerdietara sailkatuta.

Antxon eta Goixerri, berriz, Aaronen eta Urangaren aurka neurtuko dira. Azkeneko hauek izan ziren final-laurdenak jokatu behar izan zituztenak, eta maila ona emanda utzi zituzten bazterrean Zuloaga eta Mandagaran. Antxonentzat eta Goixerrirentzat aurreneko partida da, baina beraiek dira Xistera Zirkuituko egungo txapeldunak, eta tartean Antxon egonda, faborito aterako dira.