Maite Ubiria

Iratxe Sorzabalen kontrako laugarren euroagindu eskaera azaroaren 18an aztertuko dute

Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 10ean abiatu zuen Iratxe Sorzabal presoaren kontra Madrilek igorritako laugarren euroagindu eskaera aztertzeko auzia. Asteazken honetan auzitegi horrek informazio gehigarria eskatzea Auzitegi Nazionalari deliberatu du. Auziaren azterketa azaroaren 18rako finkatu du.

Sorzabalen aurkako euroagindu prozedura salatzeko Irunen 2018ko ekainean eginiko martxa. (Jon URBE/FOKU)
Sorzabalen aurkako euroagindu prozedura salatzeko Irunen 2018ko ekainean eginiko martxa. (Jon URBE/FOKU)

Iratxe Sorzabal preso irundarraren kontra espainiar Justiziak galdegindako laugarren euroaginduaren azterketa urte hasierako finkatua bazen ere bi aldiz gibelatua izan zen.

Otsailaren 19an egin behar zen auzia martxoaren 25era atzeratu egin zuten, baina pandemiaren ondorioz bigarren data hori ere bertan behera gelditu zen.

Azkenean, ekainaren 10ean hasi zen dozierraren azterketa Parisko Dei Auzitegian.

Epaitegi horrek gaur jakinarazi behar zuen bere erabakia. Izan ere, jujeek informazio gehigarria eskatu diote espainiar Auzitegi Nazionalari, hilabeko epea emanez agiri horiek igortzeko.

Xantiana Cachenaut abokatuak Nazi azaldu dioenez aurreneko euroagindu dosierretan egin bezala –lehenagotik hiru eskaera ontzat eman ditu Pariseko Dei Auzitegiak– epaileek Sorzabalek salaturiko torturen gainean hainbat dokumentazio eskatu dituzte, salaketari buruz eta horren ibilbideari buruz galderak pausatuz. Horrekin batera, besteak beste, irundarraren aurkako prozesamendu agiria igortzea eskatu dute.

Behin agiriak jaso ondoren azaroaren 18an aztertuko du Dei Auzitegiak Sorzabal espainaratzeko xede Auzitegi Nazionalak igorritako laugarren euroaginduari buruzko eskaera.

Torturaren salaketa auziaren gako nagusia

Torturaren auzia debatearen erdian kokatu zuen, zehazki, ekainaren 10ean iragan zen saioan Iratxe Sorzabalen defentsaren alde hitza hartu zuen Serge Portelli epaile ohiak.

Era berean Xantiana Cachenaut abokatuak nabarmendu zuenez, Madrilek bideraturiko euroagindu gehienek torturapean egindako adierazpenak izan dituzte froga bakar gisa.

Izan ere, Reauko presondegian dagoen preso irundarraren dosierrak ezaugarri bereziak dituela azaldu zuen saio horretan abokatuak.

Alde batetik, espainiar Estatuan bertan Sorzabalen kasua «sakonki dokumentatua dagoela, nahiz eta espainiar Auzitegi Nazionalak torturen salaketa artxibatu», oroitarazi zuen. Bestetik, Pariseko auzitegiak horrela onartuta aditu frantsesek txostena egin zutela Sorzabalek pairaturiko torturei buruz Istanbuleko protokoloa aplikatuz mahaigaineratu zuen.

Hala, irundarrak 2001ean Guardia Zibilak Hernanin atxilotu ondotik, pairatu behar izan zituen torturei buruzko salaketaren sinesgarritasuna baieztatu zuen txostenak.

Ekainaren 10ean egin zen auzian fiskalak, ordea, epaileari eskatu zion Madrilgo Auzitegi Nazionalari informazio gehigarria galdegiteko. Zehazki, euroaginduan agertzen diren ekintzetan preso irundarrak duen ardura maila zehazte aldera. Horretaz gain, gaur jakitera eman duen erabakiaren arabera, Sorzabalen aurka dagoen froga bakarra atxiloaldian lorturiko bere testigantza ote den jakin nahi du frantses jujeak.

Sorzabalen auzian torturaren gaineko probak eta txosten oso zehatzak badira ere, epaile frantsesek informazio gehigarria eskatu ondoren irundarraren aurka Madrilek aitzinetik igorritako beste hiru euroagindu onartzeko urratsa eman zutela gogora ekarri du Xantiana Cachenautek.

Bestalde, Dei Auzitegiak beste eurogindu auzia aztertuko du irailaren 30ean. Egun horretan Alaitz Aramendiren aurka espainiar salbuespenezko auzitegiak luzaturiko euroagindua izanen du aztergai.