NAIZ

Ikuskizunen sektoreak hainbat hiritako kaleak hartu ditu Alerta Gorrian dagoela salatzeko

Ikuskizunen sektorea kinka larrian dagoela salatu dute kultur arloko profesionalek gaur Bilbon, Gasteizen eta Iruñean Alerta Gorria izeneko ekimenak deiturik. Era berean, mugimendua planetarioa baita, Estatu espainiarreko hainbat hiritako kaleetara zabaldu da mobilizazio erraldoi hau.

Alerta Gorriaren aldarria, beltzez Bilboko kaleetan barrena. (FOKU)
Alerta Gorriaren aldarria, beltzez Bilboko kaleetan barrena. (FOKU)

Beltzez jantzita, mobilizazio ikusgarri eta adierazgarri batean egin dute bidea Bilboko Moyua kaletik San Mameseraino. Kontzertu edo antzezlan bat balitz bezala, nork bere sarrera eramanez batu dira parte-hartzaileak, tenperatura hartu ondoren; tartean, zenbait aurpegi ezagun.

Moyua Plazatik abiatutako elkarretaratzean ehunka lagun bildu dira, guztiak beltzez jantzita: batzuk aski ezagunak ziren, Zea Mays taldeko kideak kasu. Horiekin batera, Innevento edota Tarima enpresakoak, teknikariak, artistak, zaleak... Mobilizazioaren ibilbidera sartu ahal izateko, plaza kultur aretoa balitz bezala, mugikorrean «sarrera» erakutsi behar izan dute parte-hartzaile guztiek, gorputzeko tenperatura neurtu diete eta eskumuturreko bat jarri zaie. Hiru zutabetan banatu dira, segurtasun distantziak mantenduz.

Egun osoan zehar, zenbait kultur ekimenek bat egin nahi izan dute protestarekin. Elkarretaratze honezaz gain, Bilboko bi eraikin adierazgarri gorriz argituta ageri baitira egun osoan zehar, egoera zail honetaz ohartarazteko: Olabeagako Last Tour enpresarena eta Euskalduna Jauregia.

Bilbokoa beste hainbat hiriburutan egin den protestaren isla izan zitekeen. Gasteizen ere deituta zegoen. Eta Iruñean, esaterako Baluarte plazatik atera dira Sarasate pasealekuraino, isilik, hileta-martxa bat izango balitz bezala. ATN, ARE eta Acople elkarteak deiturik, Parlamenturaino iritsi dira.

Kultura segurua da

Ikuskizunen sektoreak aurrera egiteko dituen zailtasunak eta, aldi berean, borondate irmoa irudikatu du gaur arratsaldean Bilbon Alerta Gorria ekimenak. Mobilizazio «segurua» burutu dute, kultur ekitaldiak, ikuskizunak eta bestelakoak egingarriak direla frogatzeko asmoz.

Kultur teknikariek jada mobilizazio ikusgarriak egin dituzte aurretik Euskal Herrian, pandemia dela-eta ezarritako murrizketekin bere egitekoa hil ala biziko egoeran dagoela nabarmenduz. Horietako bat, Iñigo Hermosilla, eledun izan da gaurkoan, sektorearen kinka larria aipatuz eta administrazio publikoen agenda kulturalak berrabiatzeko beharra adieraziz (bereziki udaletxeen esku direnak).

Profesional ugari batu dira, aurretik inoiz egin ez duten bezala, gaurko Estatuko hiri desberdinetan lelo eta helburu bera izan den mobilizazio erraldoi hau egiteko. Estatu osoan 23 mobilizazio egin dira Alerta Gorria dinamika honen barruan; hortik kanpo ere zabaldu da aldarria.

Gobernuari eta Lan, Ogasun, Gai Ekonomikoak, Kultura eta Kirola, eta industria sailei eskatzen diete datozen asteetan sektoreen honen iraupena bermatzeko urgentziazko neurriak hartu ditzaten. Baita, haien esanetan, «berorren beharrak aztertuko dituen mahai sektoriala berehala sor dezaten, kontuan hartuta askotan sasoika eta modu ez jarraituan lana egin behar izaten dutela, Hori horrela izanik, eskatzen zaie lehentasuna ematea Estatu mailako sektore hitzarmen kolektiboa sortzeko negoziazio prozesua martxan jartzeari».