NAIZ
DONOSTIA

Zinemaldi Alternatiboak programazioa aurkeztu du

Gizarte gaiei eta gatazka ezberdinei dokumentalen bidez ikusgarritasuna emateko helburuaz beste urte betez ospatuko da Zinemaldi Alternatiboa. Aurreko edizioetan emanaldietarako gune autogestionatuak lehenetsi baziren ere, aurtengo egoerak hori ere baldintzatu du.

Zinemaldia Alternatiboak ostiral honetan abiatuko du programazioa. (NAIZ)
Zinemaldia Alternatiboak ostiral honetan abiatuko du programazioa. (NAIZ)

Zinemaldi Alternatiboak datozen egunetarako antolatua duen programazioa prest dago eta arratsalde honetan bertan abiatuko da, 20.30etan, Kursaaleko atarian ‘Ez gara turistak gure hirian’ lelopean.

Orduan estreinatuko da Zinemaldiaren baitan, Sail Ofizialean baina lehiaketatik kanpo, Woody Allen zuzendariaren azken filma, ‘Rifkin's festival’. Iazko grabaketa lanetan Donostian egon ziren protestei jarraipena emanez, luzemetraiak hiriaz egiten duen promozioak turistifikazioan izan ditzakeen eragin kaltegarriak salatu nahi dituzte, besteak beste, eta hiria bizilagunentzat dela aldarrikatu.

«Salaketarekin bat egin eta inaugurazioan turismo neurrigabearen ondorioez gogoeta egiteko gonbita luzatzen du Zinemaldi Alternatiboak», adierazi dute.

2020ko Zinemaldi Alternatiboa covid-19 birusaren pandemiak baldintzatuta heldu da eta osasun krisiaren aurrean arduraz jokatzea erabaki dutela aurreratu dute. «Hori dela, aurten formatu berezi batekin aurkeztuko gara. Urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikula zerrenda bat osatu dugu. Hauek zaharrak edo berriak izan, guztiak gaurkotasun handikoak, eta zer pentsatua ematen dutenak. Hori da jaialdiaren betiko helburuetako bat, bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea».

Hala ‘Argia’ hedabidearen multimedia kanalaren bitartez eskainiko da egitaraua.

Ostiral honetatik hasi eta datorren larunbata bitartean, egunero dokumental bat eskainiko da. Hurrenez hurren: ‘Hondarrak; erlojupeko desjabetze baten kronika’, ‘Barrura begiratzeko leihoak’, ‘Shockaren doktrina’, ‘Lucio’, ‘120 ordu, Euskal Herriaren aurkako tortura’, ‘Ni basatia naiz’, ‘Gasteizko Gaztetxea, probatu ez duenak ez daki zer den hau!’, ‘Gerra Hemen hasten da’ eta ‘Iñigo Muguruza: Paradisu zineman ikusiko gara’. Moskuko musikariaren ibilbideaz eta zinemaz solasaldia Fermin Muguruza anaiarekin egingo da, gainera.

Musikaria hil zenetik urtebete igaro den honetan, bere bizi ibilbidea omendu eta errepasatuko dute Fermin Muguruzarekin batera, horretarako propio aukeratutako filmografiarekin. Egunean bertan zabalduko dute solasaldiaren bideoa.