Presoen gaia konpontzearen kontrako lobby bat dagoela ohartarazi du Foro Sozialak

Foro Sozialak presoen aferari konponbidea ematearen kontra jardun duen lobby bat badela ohartarazi du, eta lobby horrek, bere esanetan, «eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak biltzen ditu». Bere iritziz, presoen aferan lehen emaitzak lortzen ari den «bergizarteratze ibilbidea» oztopatzea du helburu.

NAIZ|20/09/2020
Lannemezan
Lannemezango espetxearen kanpoaldea.

Datorren irailaren 24an, Madrilen eta ‘País Vasco: una nueva política penitenciaria para una nueva normalidad’ izenburupean, egingo dituen topaketen berri eman du Foro Sozialak ohar batez bitartez, eta, bide batez, konponbidearen kontrako lobby bat funtzionatzen ari dela ohartarazi du.

Foroak hala agertu du bere egonezina: «Gero eta kezka handiagoa dugu presio handiko ‘lobby’ batek gero eta eragin handiagoa duelako. Lobby hau iraganeko logiketan oinarrituta dago, eta gai honetan eman beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialetan edo administratiboetan ere. Jakina den moduan, ebazpen horiek, espetxe-araudi arruntaren baitan, hainbat prozesu errazten dituzte, esaterako, graduan aurrera egitea presoak erabat bergizarteratzeko helburuarekin».

Lobby horrek, «interes desberdinek bultzatuta», eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak biltzen dituela dio Foroak.

‘País Vasco: una nueva política penitenciaria para una nuevanormalidad’ izeneko topaketak datorren ostegunean (irailaren 24) egingo dituzte Madrilen, arratsaldeko 16.00etatik 20.00etara. Ezkerreko Abokatuen Foroarekin (FAI) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Sindikatuarekin (SISEJ) elkarlanean antolatu ditu Foroak. Irekiera hitzaldia Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak egingo du.

RELATED NEWS