NAIZ

Giza kate batek Bibat Museoa eta Legebiltzarra lotu ditu Iruña-Veleiako auzia «argitzearen» alde

Duela bi hilabete Iruña-Veleiako auzia «argitzearen» aldeko gose greba abian jarri zuen taldeak giza katea egin du Gasteizen. Bibat Museoa eta Legebiltzarra lotu ditu «elkartasuna, justizia eta egia» aldarrikatzeko.

Larunbatean egindako giza katea. (@GoseGreba)
Larunbatean egindako giza katea. (@GoseGreba)

Larunbat honetan giza kate batek lotu zituen Bibat Museoa eta Gasteizko Legebiltzarra. Ekimena duela bi hilabete Iruña-Veleiako auzia «argitzearen» aldeko gose greba martxan jarri zuen taldeak antolatu zuen.

Legebiltzarra inguratu ondoren Andra Mari Zuriaren plazan amaitu zen giza katea. Bertan hitz egin zuen gose greban dagoen Joxemari Lejardi-Gabixolak.

«Gabixolak Henrike Knörr hiltzorian zegoela Santos Yanguas eta Gorrochategui behin baino gehiagotan joan zitzaizkiola aipatu zuen, Henrikek iritziz alda zezan presionatzeko eta faltsukeriaren alde lerratzeko baina ez zuela amorerik eman. Eta zergatik egin zuten hori galdetu zuen Gabixolak, grafitoak oso-oso garrantzitsuak direlako agian?», azaldu du Gose Greba Taldeak komunikabideei astelehen honetan bidalitako ohar batean.

Bestetik, Xamardok auzia «hiru hitzetan» laburtu zuela adierazi du: «Elkartasuna, justizia eta egia. Elkartasuna borrokatzeko prest dagoen jendeari laguntza eman behar zaiolako, justizia, gai honetan orain arte bidegabekeria besterik ikusi ez dugulako eta, egia, euskaldunok gai honetan egia ezagutzeko eskubidea dugulako».

«Giza-katera etortzerik izan ez zuten batzuek haien elkartasuna bidali ziguten, besteak beste Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak, gai hau argitzeko manifestua sinatu duelarik beste euskal kultur arloko ezagunekin eta hainbat eta hainbat herritarrekin batera», gaineratu du.

Gose Greba Taldeak Gabixolaren osasunaz kezka agertu du, «bi hilabeteko langa pasatu delako. Gero eta ahulago dago, eta zientziaren alde bukaera arte egiteko asmoa dauka. Bere osasuna okerrera doa eta bere gorputzerako kalte konponezinak jasateko fasean sartu da dagoeneko».

Ekainean epaileak grafitoak faltsutzat jo zituen. Ebazpena, iruzur eta ondarea hondatzeagatik, ez da irmoa oraindik, bi helegite aurkeztu direlako. Eliseo Gili bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion, eta Ruben Cerdani urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion. Biek espetxea saihestuko dute.