Dabid Lazkanoiturburu

Auzitegi Gorenaren epailea hautatzeko presa du Trumpek, baina baita ere arazoak

Donald Trumpek «berehala, aste honetan bertan» Auzitegi Gorenaren kidea Ruth Bader Ginsburg zena ordezkatzeko epailea hautatuko duela iragarri du, baina bi arazo ditu: batetik denbora eta bestetik Alderdi Errepublikarraren baitan presa horrek sortzen duen deserosotasuna.

Ostiralean zendu zen Ruth Bader Ginsburg epaile progresistaren omenez lorak Gorenaren ondoan. (Jose Luis MAGANA/ AFP)
Ostiralean zendu zen Ruth Bader Ginsburg epaile progresistaren omenez lorak Gorenaren ondoan. (Jose Luis MAGANA/ AFP)

Hauteskunde presidentzialetarako hilabete t´erdi baino falta ez denean ostiralean hil zen Ruth Bader Ginsburg epaile progresista, 87 urterekin minbiziak jota.

Donald Trump AEBetako presidenteak aukera ezin hobea ikusi du egun epaile kontserbadoreek Gorenean duten gehiengoa sendotzeko. Ginsburg-ekin lau ziren epaile progresistak eta bost kontserbadoreak.

Auzia ez da makala. Gorenak bere eskuetan ditu Estatu Batuak zatitzen dituzten hainbat gai, abortatzeko eskubidetik hasita migrazioraino eta inguru giroaren politikaraino, erlijio askatasuna ahaztu gabe.

Azaroaren 3ko hauteskundeen biharamunean Barack Obamak bultzatu zuen osasun erreformaren (Obamacare) legezkotasuna aztertuko du, Trumpek Etxe Zurira iritsi zenetik bertan behera botatzen saiatu dena.

Presidentearen presak ere baditu arrazoi elektoralistak. Alde batetik pandemiaren gestioa kanpainatik alboratzea lortzen du. Bide batez, Trump maite ez duen hauteslego independienteari, giza kontuetan kontserbadorea denari, keinu egiten dio.

Hala ere, Trumpek ez du samur lortuko. Gorenaren epaileak Senatuak aukeratzen du. Errepublikarrek gehiengoa dute eta agortzear dagoen agintaldian legea aldatu zuten. Ordura arte gehiengo zabala eskatzen zen baina orain nahikoa da gehiengo sinplea.

Bi senatari errepublikarrek, ordea, argi esan dute ez dutela epailea aukeratuko hauteskundeak baino lehen. Susan Collinsek «herri amerikarrari zor diodan zintzotasunak» Trumpi muzin egitea eramaten du. Lisa Murkowski senatariak ere ez du begi onez ikusten hauteskunde aurretik epailea izendatzea.

Errepublikarrek 53 eserleku dituzte (100 dira) Senatuak. Beste bik Trumpen aurka eginez gero ekimenak porrot egingo luke.

Agindutakoa bete

Ginsburg epailea proposatu zuen Bill Clinton presidente ohiak ohartarazi duenez,  azaroaren 3an aurkezten diren hainbat senatari errepublikarrek «hauteslegoari azaldu beharko diote zergatik defendatzen duten orain lehen arbuiatzen zutena».

 2016ko otsailean, hauteskundeetarako 8 hilabete falta zirenean, Antonin Scalia epaile kontserbadorea zendu zen eta Obamak Merrick Garland epaile progresista proposatu zuen.

Mitch McConell orduko eta oraingo Senatuaren presidente errepublikarrak atzera bota zuen proposamena hauteskunde urtea zelako eta hautaketa presidente berriario zegokiola argudiatuz. «Jendeak hitza izan behar du», esan zuen orduan.

Orain, ordea, argudio horrek ez du balio. «Trump presidenteak proposatutakoa bozkatuko du Senatuak», iragarri du.
Nahiko denbora ez baldin badago ere. Prozedurak bi-hiru hilabete behar ditu gutxienez. Horrela, bada, litekeena izango zen bozka hauteskundeen ostean eta irabazleak 2021eko urtarrilean kargua hartuko baino lehenagoko trantsizio epean.

Gorena eta pandemia

Inkestek garaile ematen duten Joe Biden hautagai demokratak  epaile berriaren aukeraketak pandemiaren erantzunarekin zerikusia duela ziurtatu du. «200.000 hildako baino gehiago ditugun honetan, osasun zerbitzuak kolokan jarriko luke horrek», ohartarazi du, Trumpi boterea «basakeriaz» inposatzen duela egotziz.

Presidenteak bere horretan jarraitzen du eta «emakume oso adimentsua» proposatuko duela iragarri du. Eskuin erlijiosoaren belarriak alaitzeko, aurre-selekzioa aurkeztu zuen,  abortuaren kontrakoen eta Riflearen Erakunde Nazionalaren gozamenerako.

Azken orduetan bi izen aipatzen dira, biak emakumeenak:
Amy Coney Barrett 48 urteko ultrakatolikoa eta Barbara Lagoa (52) jatorriz kubatarra den epailea.