Kultura oinarrizko ondasun izendatzea eskatu du EH Bilduk Madrilgo Kongresuan

Kulturaren sektorea babestu ezean desagertu egingo dela ohartarazi du Mertxe Aizpurua Madrilgo Kongresuan EH Bilduren bozeramaileak. Bide horretan, plan zehatz bat galdegin dio Gobernuari laguntza zuzenen bidez. Legez Besteko Proposamena Kongresuko Kultura Batzordean eztabaidatuko da.

NAIZ|DONOSTIA|21/09/2020
Mertxe_aizpurua
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Madrilen neurri zehatzak eskatu ditu. (EH Bildu)

Mertxe Aizpurua Madrilgo Kongresuan EH Bilduren bozeramaileak ez du bere kezka ezkutatu kulturaren sektorearen egoeraren gainean eta hala, kultura funtsezko ondasun izendatzea eskatzeaz gain, EH Bilduren iritziz, hil ala bizikoa da sektorea babestu eta laguntzeko «ezinbesteko neurriak abian jartzea adierazpen huts batean gera ez dadin».

«Krisi sozioekonomikoak gogor jo du sektorea, eta Covid-19aren berragerpenak areagotzen ari diren honetan, itzulerarik gabeko kolapso baten ertzean utzi du Kultura», adierazi du astelehen honetan Kongresuan bertan.

Diputatuaren arabera, funtsezkoa da sektorearen etorkizuna erakunde publikoetatik defendatzea, beste sektore ekonomiko batzuetako jarduerak bezainbeste edo gehiago, horiek babesteko neurri gehiago ezarri baitira. Adibide gisa jarri ditu Frantziako Estatuak, Alemaniak zein Italiak zentzu horretan abiarazi dituzten neurriak.

«Sektore osoaren iraupena bermatzea» eta kalteak gutxitzea helburu duen egitasmo baten bidez, EH Bilduk Legez besteko Proposamen bat aurkeztu du, Madrilgo Gobernuari eskatuz erreskate plan bat abian jar dezala «berehala», adierazpen kosmetikoetara mugatuko ez dena, eta krisi ekonomikoak gogor jo duen sektore kulturalaren biziraupena eta mantenua bermatuko duena. Proposamena Kongresuko Kultura Batzordean eztabaidatuko da.

Pandemiaren lehen hilabeteetan sektorearentzat onartutako laguntzak «oso eskasak» izan zirela iritzita, «sektorea erreskatatzeko neurri ekonomiko eta finantzarioak» hartzeko eskatu du Aizpuruak. Besteak beste, EH Bilduren proposamenak laguntza zuzenak eskatzen ditu autonomoentzat, enpresentzat eta baita besteen kontura aritzen diren langileentzat ere.