Goizeder TABERNA
Interview
Giuliano CAVATERRA
Argala komandoko kideei buruzko liburuaren egilea

«Hego nahiz Ipar Euskal Herriko 70eko hamarkadako testuinguruaz gogoetatzen dut liburuan»

Mediabask hedabideak astearte gauean Donibane Lohizunen aurkeztuko duen liburuak Ipar Euskal Herriko militanteak 70eko hamarkadan ETAn inplikatu zireneko testuingurua aztertzen du. Giuliano Cavaterra egileak, gatazkaren konponbiderako memoriaren garrantzia nabarmendu du.

Giuliano Cavaterra liburuaren egilea. (Guillaume FAUVEAU)
Giuliano Cavaterra liburuaren egilea. (Guillaume FAUVEAU)

‘Au cœur du conflit basque. Pourquoi des citoyens du Pays Basque Nord ont intégré l’ETA?’ Argala komandoko kideei buruzko liburua idatzi duzu. Zergatik egin duzu liburu hori?
Naziotasun frantsesa duten eta 30 urte geroago oraindik kartzelaratuak dauden lau euskal militanteetaz ari naiz. Baina haien istorioa baino, Euskal Herriko gatazka biolentoaren azken bost hamarkadak kontatzen ditut. Ipar Euskal Herriko lau herritar ETAn nola engaiatu ziren ulertzen entseatzen naiz. Zein da borroka armatuarekiko gazte hauen engaiamendua azaltzen duen funts historiko, sozial eta politikoa? Seine-et-Marnen bizi izan balira, haien ibilbidea ez litzateke berdina. Ainitzek ahantzi dituzten historiak dira hauek. Hego nahiz Ipar Euskal Herriko 70eko hamarkadako testuinguruaz gogoetatzen dut, gerla zikinaz... Ez da ahantzitako historia soila, kontatu ere egiten ez dena baizik.

Zer dela eta izan zen shock bat pertsona hauen atxiloketa?
Ordura arte ez zegoen komando armatu baten partaide izatea leporatzen zioten Ipar Euskal Herriko militanterik. Adin ertaineko pertsonak ziren, burasoak, ETAko militanteetaz genuen iruditik urrun. Denak harritu ziren. Are gehiago, abertzaleek ere ez zuten halakorik espero. Ordura arte, ETArekin zerikusia zuten Ipar Euskal Herriko pertsonak laguntzen aritzen ziren. Poliziarentzat ere ustekabe bat izan zen.

Ipar Euskal Herriko jendarte osoa bortizki izan da astindua atxiloturiko pertsonak jendarteko hainbat eremutan sartuak zirelako. Integratuak zeuden pertsonak ziren. Bat fraidea zen eta horrek Euskal Herrian pisu garrantzitsua zuen eliza astindu zuen. Bestea PCFko kide eta sindikalista zen, beraz, eremu hori ere hunkitu zuen. Haietariko beste bat Baionako peña bateko kide izanik, lagun ainitz zituen beste peña historikoetan. Donibane Lohizuneko postari bat ere inplikatu zuten hasieran... Beraz, mundu guztia izan zen hunkitua. Auzi honengatik zigorturiko bederatzi pertsona Ipar Euskal Herrikoak dira, orotara 17 edo 18 dira atxiloturik, galdeketetara deituak izan ziren pertsonak kontuan hartu gabe. Hamaika lagun behin-behineko presondegian jartzen dituzte. Honek guziak aferaren neurria erakusten du.

Zeintzuk izan dira erabilitako iturriak?
Ez dut lekukotasun bilduma bat idatzi, testuingurua kontatu nahi bainuen. Beraz, garai hartako egunkariak eta liburu asko behatu ditut, eta baita zenbait artikulu akademiko ere.

Lekukotasunei dagokienez, oraindik tabuak badira?
Zenbait jenderentzat ez dira tabuak, baina bai gai sentiberak. Ez dute garai horri buruz mintzatu nahi izan. Kontuan hartu behar da ere ondorio juridikoak ukaiteko arriskua ere badela.

Zergatik erabaki duzu leporatzen dizkieten ekintzetan ez sartzea?
Guti mintzatzen naiz horri buruz, gertaera horiek ezagunak direlako. Finean, zigortzeko leporatu dizkieten gertaeren atala aferaren zatirik ezagunena da. Kontrara, badira informazioa aurkitzea zailak diren beste gertakari batzuk, gerla zikinaz ari naiz. Denbora gehiago eman dut horretan.

Beste arrazoia da pertsona guziak espainiar Estatuan Unai Parot atxilotu ondotik izan zirela inkriminatuak. Torturak salatu zituen. Korrekzionalean izan zen auzi garaian, ez zen posible izan Unai Parotek bere lekukotasuna ematea, Espainiak frantziar auzitegien esku jartzea errefusatu baitzuen. Dosierraren pieza nagusietariko bat zen. Asisetan, berriz, magistratu frantsesek ez zuten ekartzeko beharrik ikusi, Paroti ez baitzizkioten onartu tortura kasuetan ezarri helegiteak, lehen salaketa bera «galdua» izan baitzen. Gaur bada egia judizial bat, baina ez da argi gertaerekin noraino egiten duen bat.

Zer dio militante hauen historiak garai hartako testuinguruari buruz?
Gerla ondoko urteetako belaunaldikoak dira, usu, euskara ez diete transmititu eta horren arrazoiak ulertu nahi dituzte. Ez da ahantzi behar mundu osoko nazio identitateen ernatzea gertatzen ari zela. 60ko hamarkadan heldu zen Ipar Euskal Herriko desindustralizazio masiboaren arazo soziala ere bazen. Anartean, fenomeno hau konpentsatzeko, hautetsiek turismoaren aldeko parioa egin zuten. 70eko hamarkadan «Herrian bizi eta lan» lema agertu zen. Hori Europa mailako kontzientzia iraultzailearen emendatzearekin batera gertatu zen. Mugimendu sozial azkarrak zeuden, Hego Euskal Herrian barne, frankismoa hor izanik ere. Aldaketarako itxaropena zegoen, gizarte justuago bat eraikitzeko.

Ibilbide horretan zer eragin izan du frankismoak?
Frankismoa diktadura bortitza izan zen eta gutiagoturiko nazioak bortizkeria gehiagoz kolpatu zituen. Seguruenik, indarkeria gutiagoko testuinguru batean ez litzateke ETA sortuko, eta laburtuz, ez litzateke komando ibiltaririk izanen. Ondotik, Hego Euskal Herriko militante asko honat heldu ziren ihesi eta horren eraginez, faxismoaren kontrako hezkuntza jaso zuten iparraldeko militanteekin harremanak finkatu ziren.

Gainera, zenbait gertaerek markatu zuten. Burgoseko auzia da horietariko bat. Euskaltasunaren sentimendua zuten pertsona askorentzat ekintza politikorako urratsa ekarri zuen. Manifestazioetan hamar mila lagun bildu izan ziren Baionan, bere eragina nazioarte mailakoa izan zen. Gainera, tortura kasuak eta gerla zikinak gatazka elikatu zuten, kulturaren eta euskararen kontrako erasoekin.

Mugimendu abertzalearen baitako tentsioak aipatzen dituzu. Testuinguru horretan nola azaltzen duzu militante hauek egindako hautua?
Justuki ETAren hurbileko tendentzia eta erakundea bera, Ipar Euskal Herrian bortizkeria politikoaren erabileraren kontra kokatu ziren, baina gehiengoa bilakatu zen tendentzia Iparretarrak erakundearen inguruan egituratu zen. Kontraesan handiak sortu ziren. Argala komandoko kideek, gehienetan, Hego Euskal Herrian dute haien ahaideen parte bat. Bestalde, errefuxiatuen kontrako gerla zikin ekintza gehiago izan ziren, eta bi aldeetako militanteek errondak antolatzea erabaki zuten, eta haien arteko harremanak sortu ziren.

Zertan da engaiatua liburu hori?
Gatazka armatuaren konponbidearen norabidean engaiatzen da eta horrek kontakizun partekatua erran nahi du. Oraingoz ez gaude hor, hurbilago gaude gerlatik kontakizunetik baino. Ekuazioaren zati bat ezkutatzen duen propagandatik, hain zuzen. Presoen gaia ere manera justu eta zuzen batetik landu behar dugu. 30 urte preso daramaten lau pertsonaz ari gara, frantziar Estatuan direnak duela hamar urte aske geldi zitezkeenak, baldintzapeko askatasunerako aurre baldintza guziak beterik. Haien eskaera lehen instantzian ere onartua izan da.

Unai Paroti dagokionez, aske utzi behar lukete, baina legea bihurritu zuten presondegian atxikitzeko. Espainiar Estatuan soilik presoen %10ak betetzen du zigor osoa, zigorren arintzeei esker. Euskal presoak ehuneko horien barnean dira. Honek frogatzen du justiziaz baino gehiago, borondate politikoko afera bat dela.