Dabid Lazkanoiturburu

Japoniak Nazio Batuen Segurtasun Kontseilu berria nahi du, eta bera beti barruan egotea exijitzen du

Japonia munduko hirugarren ekonomia da (Europako Batasuna batera zenbatzen ez badugu) baina nazioartean alboratuta dago II Gerra Mundiala AEBen aurka galdu zuenetik. 75 urteren bueltan Segurtasun Kontseilua berritzeko dei egin du eta bertan kide iraunkorra izatea aldarrikatu du NBEren Asanblada Orokorrean.

 Toshimitsu Motegi Japoniako Kanpo Arazoetarako ministroa. (Charly TRIBALLEAU/AFP)
Toshimitsu Motegi Japoniako Kanpo Arazoetarako ministroa. (Charly TRIBALLEAU/AFP)

Japoniako Kanpo Arazoetarako ministroak, Toshimitsu Motegik, NBen Segurtasun Kontseilua berritzeko beharra azpimarratu du eta Tokiok bertan eserleku iraunkorra nahi duela berretsi du.

NBEren 75. Asanblada Orokorrari bidalitako bideo-mezuan, Motegi Segurtasun Kontseiluan kide iraunkorren kopurua handitzearen alde azaldu da, «XXI. mendean nazioarteko komunitatearen errealidadeak kontutan hartuta, erakunde eraginkorra eta ordezkagarria izan dadin».

NBEan benetako botere exekutiboa duen Segurtasun Kontseiluan 15 kide, hauetatik 5 iraunkor daude (aspaldiko potentzia nuklearrak: AEB, Txina, Errusia, Britania Handia eta Estatu frantsesa).

Horrela, bada, organuak II Mundu Gerraren ostean eta NBEaren sorreran orduko garaile eta galtzaileen arteko posizioak islatzen ditu. Hamar kide behin-behinekoak dira. Japonia 11 aldiz egon da Segurtasun Kontseiluan herrialdea NBetako kide bilakatu zenetik, 1956. urtetik.

Alemania, India, Brasil...

NBen Estatuok «ezin dugu ados egon «statu quoarekin», aldarrikatu du Motegik ingelesez. «Japonia guztiz gertu dago Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor bati dagozkion ardurak bere gain hartzeko eta Munduan bakea eta egonkortasuna bermatzen laguntzeko».

«Multilateralismoaren bidez aurre egin behar ditugun krisiak gero eta handiagoak eta konplexuagoak dira», azaldu du Japoniako diplomazia buruak. Pandemia jarri du adibide gisa eta, bere iritziz, «ardura handiagoak hartzeko prest dauden kideek Segurtasun Kontseilu zabalagoan eserlekua izan beharko zuten».
 
Japonia ez da aldarrikapen hori duen herrialde bakarra. Motegi gaur bertan bilduko da bideokonferentziaren bidez Indiako, Alemaniako eta Brasilgo Kanpo Arazoetarako ministroekin Segurtasun Kontseilua berritzeko asmoz indarra egiteko. Lau herrialdeek kide iraunkor izatea exijitzen dute.