NAIZ

Manifestazioa Iruñean, gazteen etorkizunaren alde eta krisia kapitalak ordain dezala exijitzeko

LABek eta Ernaik deitutako manifestazio batek ehunka lagun bildu ditu gaur Iruñeako kaleetan gazte langileen etorkizunaren alde eta krisia kapitalak ordain dezala exijitzeko. Etorkizun duin baten aldeko borroka defendatu dute, baita burujabetzaren aldeko aldarria egin ere, «eraldaketa soziala gauzatzeko tresnak behar ditugulako».

Irudian, gaurko manifestazioa Iruñean. (LAB)
Irudian, gaurko manifestazioa Iruñean. (LAB)

LABek eta Ernaik deituta, ehunka lagunek hartu dute parte gaur manifestazio batean gazte langileen etorkizunaren alde eta krisia kapitalak ordain dezala exijitzeko. Errealitate horren adierazle diren zenbait datu eskaini dituzte, 25 urtetik beherako gazte langabetuen kopuruaren igoera, besteak beste.

Zehaztu dutenez, Nafarroa Garaian, 1.154 gazte gehiago daude langabezian pandemia hasi zenetik, eta gaur egun guztira 4.338 dira.

Mobilizazioa autobus geltoki zaharretik irten da eta eta Nafarroako Parlamentuaren parean bukatu du. Manifestariek geldialdi bat egin dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren parean, Sanchezen Exekutiboak «krisi kapitalista honetan duen erantzuna azpimarratzeko».

Salatu dutenez, Caixaren egoitza ondorik pasatzean, kaleko jantzitako poliziek gazte bat atxikitu dute, identifikatu eta bost munutu beranduago aske utzi.

Legebiltzar nafarraren parean egin dute bukaerako hitzartean, Ana Alava Ernaiko bozeramaleak gogoratu du urtearen lehen seihilekoan lana galdu duten 4 lagunetik 3 gazteak zirela eta nabarmendu du «gazte langabe gehienak estaldura sozialik gabe» bizi direla.

Aipatu du Alavak ez direla agertu Maria Chivite lehendakaria eta Manu Aierdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko sailburua «estatistika ofizial lazgarri horiek esplikatzera». «Neoliberal lotsagabe hauek bakarrik azaltzen dira hedabideen aurrean gu gazteok kriminalizatzeko eta enpresaburuen bozeramaileak izateko», salatu du.

Ernaiko ordezkariak nabarmendu du «gure belaunaldia arrisku izugarrizko garaian» ari dela heldutasunera heltzen eta «langileen borrokaren lekukoa hartzeko prest» daudela. Era berean, burujabetzaren aldeko aldarria egin du, eraldaketa soziala gauzatzeko «tresnak behar ditugulako».

Imanol Karrera LABeko bozeramaleak «piztuta dauden hainbat borroka» ekarri ditu gogora esku-hartze sozialeko langileena, hezkuntzakoena eta pentsiodunena aipatuz, besteak beste. «Borrokan gaude patronalari eta kapitalarekin bat datozen administrazioei aurre egiteko», adierazi du, eta gogoratu du urtarrilaren 30eko greban gazteen egoera «erabat prekarioa» zela ohartarazi zela eta «errealitateak, denborak eta covid-19ak sortutako osasun krisia arrazoia» egiaztatu duela, krisiak indar handiagoz jo dituelako «diru-sarrera txikieneko langileak, emakumeak, migranteak eta gazteak».

Karrerak azaldu du arazoa ez dela koronabirusa, «kapitalismoa eta sistema honetan eroso dauden gobernuak baizik». «Horiei aurre egiteko antolatu behar gara, grebak eta mobilizazioak egin behar ditugu, dugun aukera aprobetxatzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurera egiteko», adierazi du.